argia.eus
INPRIMATU
Zaldibar Argitu plataformak kantua aurkeztu eta astelehenean leihoetatik jartzeko deia egin du
  • Zaldibar Argitu plataformak musikari ugarik parte hartu duten kantua aurkeztu du. Apirilak 6an, astelehenean, bi hilabate beteko dira Verter Recyclingek kudeatutako zabortegian ezbeharra gertatu zenetik eta kantu honekin aldarrikapena bizirik mantendu nahi izan dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko apirilaren 05
Musikari ugarik hartu dute parte kantuan.

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze azpian hartu zituen zabor-luiziak bi hilabete egingo ditu astelehenean. Salaketa bizirik mantendu asmoz kantua egin dute Zaldibar Argitu plataformako kideek bultzatuta, hainbat musikarik.

Miren Narbaiza eta Kokeinen eskutik ondu dute musika, hitzak Txakur Gorriak egin ditu, ahotsean musikari ugari: Zaloa (Kokein), Malen (Txakur Gorria), Miren (Mice), Aitor (Su Ta Gar) eta Maite (Mursego). Koroetan David Karba eta Jokin Bergara.

Astelehenerako burrundada deitua dute 20:30ean leihoetan. Hori amaitzean bi kandela jartzeko eskatu diete herritarrei, eta une horretan, azpian entzungai dagoen kantua altabozetatik jartzeko eskatu dute.

 

Zaborrezko munstroa kantuaren hitzak jarraian:

Zaborrezko munstroak

oka egin digu,

gauak dira suzkoak

gezurra ari du.

Nondik dator usaina?

Zenbat hitz karratu…

Ez da arriskurik baina,

leihoak zarratu.

Herriak erantzunak,

 erantzukizunak

behar ditu

Zaldibar argitu!

Gorbata mugimendu

aberats poseak,

miseria sortzen du

botere goseak.

Sortu dugun pozoia

datorkigu bueltan,

ez da kabitzen lohia

alfonbra azpietan.

Herriak Joaquin, Alberto

gertuko, etxeko

behar ditu

Zaldibar argitu!

Bizitza omen zen handiena

baina agian ez guztiena.

Herriak erantzunak,

 erantzukizunak,

Joaquin, Alberto

gertuko, etxeko

behar ditu

Zaldibar argitu!