argia.eus
INPRIMATU
Zaldibar Argitu: “Lakua ez da neutrala izan, auziaren parte izan da”
  • Europako Batzordeak beste behin adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete zuela Zaldibarko zabortegiaren kasuan. Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du Lakuak bidalitako informazioa soilik izan duela kontuan Bruselak.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 05a
(argazkia: @ZaldibarArgitu)

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak astearteko Gobernu Kontseilu ostean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuen Europako Batzordeak beste behin babestu duela Zaldibarko zabortegian izandako hondamendiaren aurretik eta ondoren Jaurlaritzak egindako kudeaketa.

Eibarko San Lorenzoko Bizilagun Elkarteak, Ekologistak Martxanek eta Zaldibar Argituk eskatu zioten Bruselari ikertu zezala zabortegian gertaturikoa, EAEko administrazioak legedia hautsi zuen edo ez jakiteko. Honek erantzun du Jaurlaritzak legedia bete duela eta, beharrezko kontrolak egin zituela airearen kalitatea eta amianto isuriak zaintzeko.

Ez da kasu honen inguruan Bruselak ematen duen lehen ebazpena. 2021eko otsailean oso antzeko beste ebazpen bat eman zuen eta ordukoan ere Jaurlaritzaren jarduna babestu zuen Europako Batzordeak. Tapiaren aburuz, baina, auzia oraindik ez dago itxita, besteak beste prozesu judiziala ez delako amaitu. Sailburuak azaldu duenez, Verter Recycling enpresak Eusko Jaurlaritzari txosten bat ezkutatu zion, zabortegiaren egonkortasuna zalantzan jartzen zuena.

"Ez da neutrala"

Zaldibar Argitu plataformak ez die sinesgarritasunik eman Tapiaren adierazpenei eta Europako Batzordearen ebazpena Eusko Jaurlaritzaren jokabidea "zuritzeko" modu bat izan dela salatu du. Plataformak nabarmendu du Bruselak azterturiko informazioa Lakuak berak emanikoa dela: "Ez da neutrala, auziaren parte izan delako", azaldu du, Naiz.eus-ek jaso duenez.

Zaldibar Argituren esanetan, astearte honetan publiko egindako hiru orrialdeko ebazpena 2021eko otsailekoaren berdina da "hitzez hitz", eta gogorarazi du badela beste txosten bat 234 orrialdekoa CEDEXeko perituek egina, dioena zabortegiaren kudeaketan akatsak izan zirela.