argia.eus
INPRIMATU
‘Zaldi urdina’ antzezlana Luhuson estreinakoz: drogak utzitako arrastoan jokatua
  • Axut, Dejabu eta Artedrama konpainiek sortutako Zaldi urdina antzezlana Luhuson estreinatuko dute urriaren 11n, ostiralez. Drogak Euskal Herrian eragindako desmasiak taularatuko dituzte talde horietako jokalariek.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 04a

Zaldi urdina antzezlan berria da, alta, laugarren aldia da Axut, Dejabu eta Artedrama konpainiak elkarrekin ari direla: Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna obra arrakastatsuak taularatu zituzten aurretik.

Oraingo honetan ere iraganari begira jarri dira antzez egileak eta orainean kokatu. Drogak Euskal Herrian utzi zuen arrastoak, memorian txertatua, familietan eragindako zauria bizirik dirau.

Aingeru, 17 urteko mutil gaztearen istorioa eramango dute oholtzara: desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi urdina deitutako droga berriak eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren xerka hasiko da, trapitxeroa bera den ustean.

Ximun Fuchsek zuzendu du lana, Ainara Gurrutxagaren laguntzarekin. Aktoreak berriz, Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide dira. Taldearekin batera lanean aritu diren Igor Elortzak eta Unai Iturriagak ondu dute testua eta ekoizpenean parte hartuko dute Asier Ituartek (musika), Philippe Ducouk (koreografia) eta Josep Duhauk (argiztapena) ere.

Urriaren 11n Luhusoko Harri Xurin egingo den estreinaldiaren ondoren, herriz herri ibiliko da antzezlana. Artedramaren webguneko agendan ikus daiteke non eta noiz jokatuko duten hurrengo hilabeteetan.