argia.eus
INPRIMATU
Zaldi haragiaren eskandalua Europa osora zabaldu da
  • Zaldi haragiaren iskanbilak amaierarik ez du oraingoz. Atzo zaldi haragia aurkitu zuten behiarena beharrean Alemaniako Real kateko supermerkatuetako lasagnetan, nazioarteko hedabideek k argitaratu zuenez. Erresuma Batuan lehertu zen arazo honek dagoeneko Euskal Herria, Frantzia eta Suedia ere ukitu ditu, besteren artean. Europar Batasunak saldutako haragiaren DNA azterketa kanpaina bat bultzatu nahi du estatu-kide guztietan, Bruselan erabaki dutenez.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 15a
Spanghero hornitzaile frantziarra erruduntzat jo du Frantziako gobernuak (iturria: theguardian.co.uk)

Afera honetako errudun nagusia Spanghero haragi hornitzaile frantziarra dela dio Frantziako gobernuak. Bertako kontsumo ministroak, Benoît Hamon-ek, “Spanghero zaldi haragia saltzen ari zela jakitun" zela dio, eta arazoaz ezjakina zen Findus enpresari iruzur egin ziola. Stéphane Le Foll nekazaritza ministroak argitu duenez, haragia manipulatzeko eskubidea kendu diote hornitzaile frantsesari. Zaldi haragiaren jatorria errumaniarra dela aipatu dute zenbait iturrik.

Behe Nafarroako Aiziritzeko Lur Berri kooperatiban ere arazoak izan dituzte. Kooperatiba honek Spangherorekin harreman komertzialak ditu, kazeta.info-k dioenez. Bertatik, haragia ekoizten duen Comigel enpresari saltzen zioten, eta honek aldi berean Findus markari saltzen zizkion lehenbizikoz aurkituak izan ziren lasagna kaltetuak.