argia.eus
INPRIMATU
“Zalantzak deabrutu nau”

Idoia Galán López 2022ko urriaren 28a

Euskaltegiko ikastaroan hasi nintzenetik mututu egin naizela iruditzen zait: lehen hizlari trebetzat neukan neure burua eta orain esaldi errazenak ere trabatu egiten zaizkit. Egia esan, gure irakasleak mimo handiz egiten dizkigu zuzenketa txikiak eta etengabe goraipatzen ditu gure lorpenak; alde batetik, desesperatu ez gaitezen eta bestetik, aurrera gogotsu egin dezagun. Baina gainerako ikasleak gero eta erosoago ikusten ditut hizkuntzaren erabileran eta ni, aldiz, ahaleginak ahalegin, beste fenomeno baten biktima izan naizen susmoa dut: ikastaroa hasi nuen egunean bertan, ahoa zabaldu eta ustezko euskaltzain despistatu bat eztarrian sartu zitzaidala uste dut. Ordutik hor ibili zait bihurrikeriatan, hitzak korapilatzen. Neure zalantza itsasoan gustura dabilenez igerian, oraingoz ezin izan dut kanpora bota.

Lehenengo egunean egin genuen aurkezpenarekin batera hasi zen hau guztia. Euskaldun zaharra eta literaturazalea izanik, benetan ere uste nuen zailtasun gutxi izango nuela ikastaroan. Hala ere, klasera urduri agertu nintzen egun hartan (haurrak lehenengo eskola egunean baino urduriago) eta neure burua aurkezterakoan, lau hitzetik, dagoeneko bat gaizki esan nuen: udaletxean egiten dut lan. Hori izan zen esaldia. Ba ez: UDALEAN egiten dut lan. Kontxo! Lehenengo esaldia eta kale!

Une horrez geroztik, deabrutu nauen balizko euskaltzain petralak ez dit su etenik eman: arazoez, ezagut, letra larriak, gidoia, xedea, immigrazio, anitz, aintzinatasuna, kataforak, izenzalekeria, atzerakarga… Azalpen interesgarri guztiak bihurtzen ditu duda neure baitan eta efektua nabaritzen ari naiz dagoeneko: irakasleak asteburuko planari buruz galdetzen digunean ni “ondo” erantzuten hasia naiz. Hala ere, poz-pozik jarraitzen dut eskolatara joaten, bai irakasle baita klasekideekin ere asko ikasten ari bainaiz. Baina, errealitatea ezin uka dezaket: ikasteko prozesu honetan, Jariotasunak leihotik salto egin dit Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua atetik sartzen ikusi duenean eta ez dakit nola konpondu.

Gauzak horrela, neure lagunekin oroitu naiz, inguruan euskaldun berri asko baititut eta sarritan, euskaraz hitz egiterakoan, gehienek sentitzen duten segurtasun eza aipatu izan dute, akatsak egiteko beldurra, alegia. Hala ere, zalantzak dituzten arren, denak saiatu dira sentipen horri aurre egiten hizkuntzari leku egiteko. Euskara nire ama hizkuntza izanik eta lagunartean erabilita, inoiz ere ez naiz beldur horren menpe sentitu. Agian horregatik, beti pentsatu izan dut ez zela hainbesterako. Orain arte. Lagun euskaldun berri maiteak: asko miresten zintuztedan dagoeneko, baina memento honetan, are gehiago.

Osteguneko saiotik bueltan nentorrela, trenean hasi naiz testu labur hau eskuz idazten, katarsi moduan, hizkuntza askapenerako aldarri bezala. Nahi gabe, beste zeozertan bilakatu da, ordea.

Ez dizuet gezurrik esango: testu hau argitaratu nahiko nukeela pentsatu dudan une berean, idatzitakoa irakasleari bidaltzeko tentazioa izan dut, berak zuzendu dezan. Baina, lagunek egin duten moduan, nik ere hasi behar dut beldurrari neure kaxa aurre egiten eta eztarriko korapil sendo hau askatzen (badakizue, iratxo euskaltzain lotsagabe honi egurra ematen).

Euskaraz egin nahi dut, nire baitan euskarari dagokion lekua eman nahi diot, zuzen eta mimoz erabili nahi dut hizkuntza…baina ikasten ari naiz: bizirik dagoen hizkuntza bat ari naiz ikasten. Bidaia luzea izango da hau. Artean (hau da, hiltzen naizen arteko denboran, urte asko barru), akatsak egiten jarraituko dudala badakit eta, ahal dela, akats horietatik gehiago ikasten jakingo dudala.

Testu honen azken hitzekin batera, eztula txikia egin dut. Ezetz jakin nor irten zaidan ahotik, nire sorbalda gainean esertzeko? Idatzi dudana ikusi nahi du, baina ez, argitaratzen denean erakutsiko diot, berak ere ikas dezan hurrengoan kanpoan geratu behar duela niri laguntzen eta ez eztarri barruan, maite dudan hizkuntzari traba egiten.