argia.eus
INPRIMATU
Zakur berdeen begirada aldarrikatuz ospatuko du Lupa dokumental erakustaldiak 10. edizioa
  • Hamar urte bete ditu Lupa X dokumental erakustaldiak eta egitarau bete-betea iragarri dute ospatzeko. Maiatzaren 11tik 14ra hamahiru film eskainiko dituzte Errenteria-Oreretan eta Donostian.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko maiatzaren 10a

Autogestionatutako erakustaldia da Lupa eta “zakur berdeen” ikuspegia aldarrikatzen du, begirada diferentea duten lanak pantailaratzea, alegia. Aurtengo edizioa berezia izango da gainera, filmen proiekzioarekin batera arte erakusketa eta bideo-kontzertuak ere prestatu baitituzte.

Bi estreinaldi nabarmentzen dira programazioan: maiatzaren 11n proiektatuko dute Aitor Bereziartuaren Lisbeth, bere bizitzako azken fasean aspaldi lurperatutako sekretu bat argitzeko momentua dela erabaki duen pertsonaiaren historia –aurten estreinatzekoak diren euskal film interesgarrienen artean aipatu zuen Gaizka Izagirrek–; eta hilaren 13an estreinatuko da Encore la Nuit, Mignonek zuzendutako bideo kolektiboa, non kontatzen den Okzitaniako Tolosako etxe okupatu bateko festa bat, eta bertan transmarikabollo talde batek dauzkan eztabaidak.

Horiekin batera beste lan ugari ere iragarri dute. Errenteria-Oreretako Mikelazulo elkartean eta Guardetxean proiektatuko dira piezak eta antolatzaileen esanetan, “pelikula konprometituak, politikoak, ikuspuntu paregabekoak” dira. “Beti izan eta izango gara zakur berdeak. Horregatik, haien begiradari eskaini nahi izan diogu aurtengo edizioa. Zakur berdeen filmak aurkeztuko ditugu, ikusitakoan axut egin, zirikatu eta eraldatzen gaituzten horiek; adorez eta akatsekin, arrisku eta nortasunez, lotsagabetasunez eta jarrera politikoaz jantzitakoak”.

Erakusketa, jaia eta antzerkia

Zine programazioa osatuko du hamahiru artistaren lanez osatutako erakusketak, Errenteria-Oreretako hainbat “ez-lekutan” ikus daitekeena. “Helburua artista anitzak eta ohikoak ez diren erakuslekuak harremanetan jartzea da”, azaldu dute antolatzaileek. Maiatz osoan ikus daitezke lanak.

Maiatzaren 13an berriz, jaia antolatu dute Donostiako Urgull mendian dagoen Guardetxean. Afari herrikoiaren ondoren, Gartxot Unsain musikariak kontzertu berezia eskainiko du. Berezia, izan ere, Unsainek musika jarriko dio Aita Laburu euskal zinemaren aitzindariak filmatutako dokumentalei. Animaliak edo sendatze-errituak filmatu zituen, besteak beste, 1932 eta 1935 artean fraide josulagun horrek, baita Txileko Santiagoko zoroetxean zeuden pertsonei egindako elkarrizketak ere, Gure zinemaren historia petrala liburuan Koldo Izagirrek jaso zuenez.

Igandean amaituko da Luparen edizio hau Rouge elea konpainiaren Hau da nire ametsen kolorea antzezlanarekin.