argia.eus
INPRIMATU
Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira
  • Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita eskolaren funtzio nagusietakoa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko abenduaren 05

50 gaztetik gora izan dira solasaldian, eta horietatik kasik erdiak (DBH 4ko ikasleek) Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten aurretik, Inor ez da ilegala proiektuaren baitan ARGIAk argitaraturiko lana. Edurne Hurtado irakasleak azaldu digunaren arabera, eskola-orduetan irakurri dute, elkarrekin, bertan ateratzen diren gaien inguruan eztabaidatzeko. Askorako eman diela kontatu digu, “hari-mutur asko dituelako”, eta ikasle batek baino gehiagok oso hunkituta bukatu duela pasarteren batean, batez ere migratzaile edota migratzaileen seme-alaba diren ikasleek (ugari daude institutuan). Hain justu, liburua aitzakia hartuta ikasle horiek ahalduntzea izan da Hurtadoren helburuetako bat. “Harritu ere egin dira liburuan kontatzen diren hainbat gauzarekin. ‘Frantzia Senegalen egiten ari dena badaki jendeak? Hau kontatu beharra dago, ez da bidezkoa!’ zioten ikasleek, asaldatuta”, aipatu du.

Landutako guztia borobiltzeko, garbi zuen Hurtadok: Pape Niangek bere esperientzia zuzenean ikasleei kontatzea nahi zuen. Eta halaxe egin du: Senegaldik Euskal Herrira egindako bidaia fisikoa eta barne-bidaia kontatu die gazteei, Europak sortzen duen lilura, bidaiaren gogorra eta arriskua, Poliziaren jazarpena, jasandako umiliazioak, preso emandako sasoiak, sufrituriko esplotazioa… eta azaldu die Afrika oso aberatsa dela baliabidetan, baina ondasun hori guztia ez dela herritarrengana iristen, neokolonialismoa eta bertako agintari ustelduak tarteko. “Baina kolonizatzen jarraitzen duten herrialde eta multinazional horiek joango dira, lehenago edo geroago, baina joango dira, Afrikako herrialdeetan agintari berriak ditugulako, bestelako pentsamoldea dutenak, eta esperantza dugu aldaketan”.

"Kolonizatzen jarraitzen duten herrialde eta multinazional horiek lehenago edo geroago joango dira, Afrikako herrialdeetan agintari berriak ditugulako, eta esperantza dugu aldaketan"

Pasarte krudelenak saihestu ditu Pape Niangek, argi zuen zer transmititu gazte haiei. Zerbaitetan sinetsi eta aurrera egiteko esan die, ahalegintzeko, ausartak izateko, “beti aurrera”. Bidean asko sufritu arren, asko ikasi duela ere adierazi die: “Motibazioak eta kemenak lagundu didate nagoen lekura iristen; duela urte gutxi Polizia nuen atzetik segika, orain Santurtziko portuan nabil orgarekin lanean. Egun txarrak, erdipurdikoak eta onak ditut, eta azken horiekin geratzen naiz, aurrera jarraitzen laguntzen didatenak direlako”. Euskal Herrian, euskara jakiteak ezinbestean ate asko irekitzen dituela ere azpimarratu du. Eta arrazakerian inguruan, labur bezain zorrotz: “Arrazakeria leku guztietan dago, ez dago arrazakeriatik salbu den herrialderik ez ingururik, baina pertsona bakoitzaren esku dago hori nola gestionatu, nola jokatu”.

“Merezi izan du?”

Parte-hartzea handia izan da, galdera eta feedback mordoa egon da, eta esku asko ikusi ditugu altxatuta. Zer izan da zailena bidaian? Gomendatuko al zenieke herrikideei etortzeko? Zergatik aukeratu zenuen Bilbo helmuga gisa? Jaioterrira bueltatzeko asmoa duzu? Ahalegin honek guztiak merezi izan duela esan dezakezu? Mediterraneoa gurutzatu eta lurra ukitu zenuenean, zerk inpaktatu zituen gehien? Bidaiak aldatu al zaitu maila pertsonalean? (“Ideia berak ditut, baina orain buruarekin jokatzen dut, eta lehen bihotzarekin”, erantzun du Niangek) Mbolo elkartean senegaldarrek ez direnek ere har dezakete parte? Migrazio bidaia emakume batek egiten badu, ezberdina da? Pateran zurekin bidaiatu zuten eta haurdun zeuden bi emakumeak ondo iritsi ziren?... Hartu-eman eta inpresio truke aberasgarria izan da, zer pentsatua eman duten gaiak azaleratu dituzte ikasleek.

"Ideia berak ditut, baina orain buruarekin jokatzen dut, eta lehen bihotzarekin"

Edurne Hurtadok ere parte hartu du. Aho-bilorik gabeko irakasleak solasaldia baliatu du diskurtso faltsuak datuekin gezurtatzeko (eta hedabideen manipulazioa salatzeko), euskaldunok historian asko migratu dugula azaltzeko, kolonialismoaz eta neokolonialismoaz hitz egiteko. Espiritu kritikodun pertsonak nahi dituzte Andoaingo Leizaran institutuan, horretaz ez da zalantzarik.

Testu-liburuetan ikasi daitekeenaz harago, Niangek partekaturiko testigantza eta bizipenek Andoaingo ikasleengan arrastoa utzi izanaren esperantzaz itzuli gara etxera.