argia.eus
INPRIMATU
Zaintzekin negozioa egitea leporatu diote Urkulluri
  • 'Zainketen aldeko Euskal Ituna eraikitzen' kongresua hasi dute Tabakaleran asteazken goizean Eusko Jaurlaritzako eta instituzioetako goi kargudunek. Herritar talde handi batek eraikinaren kanpoaldean protesta egin du, eta zerbitzu publikoak merkantilizatzea leporatu diote Iñigo Urkulluri: "Gure borrokak edukiz hustu nahi dituzte, zaintza lanekin negozioak egiten dituzten bitartean". Horrez gain, ekitaldia hastear zela zortzi ekintzailek eraikinaren barruan oihuka "zaintzarekin negoziorik ez" aldarrikatu dute.

Leire Artola Arin 2023ko azaroaren 15
Ertzainek Tabakalerako sarrera blokatu diete "negoziorik ez zaintzarekin" aldarrikatzen ari ziren protestariei. Leire Artola / ARGIA CC BY SA.

Naizek zabaldu du barruko protestaren bideo bat sare sozialetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira Tabakaleran, beste goi kargudun batzuekin batera, Jaurlaritzaren zainketen aldeko kongresuaren irekieran.

Aurrean izan dituzte dozenaka herritar, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, salatzen zaintza zerbitzuekin negozioa egiten ari direla instituzioak, enpresen etekinen mesedetan. Ertzaintzak hesia egin die protestan ari zirenei, baina kide batzuek lortu dute Tabakalera barrura sartu eta agintariei "negoziorik ez zaintzarekin" aldarrikatzea, azaroaren 30eko greba feminista orokorreko kamisetak soinean zituztela. Unean bertan kanporatu dituzte kideok, baina kanpoaldean jarraitu dute protestan. Berriro saiatu dira barrura sartzen elkarretaratutako guztiak, baina ertzainek segituan blokatu diete sarrera.

Kritikatu dute egungo zaintza sistemak ez dituela herritarren beharrak asetzen, eta horregatik, dei egin dute azaroaren 30ean greba feminista orokorrarekin bat egitera, "zaintza eskubide kolektiboaren alde". "Euskal zaintza sistema duina behar dugu, langileen eta erabiltzaileen baldintza duinak bermatuko dituena", aldarrikatu dute mugimendu feministako kideek Tabakalera aurrean.

Nabarmendu dute ez dela kasualitatea Jaurlaritzak orain antolatu izana Zainketen aldeko Euskal Ituna eraikitzen kongresua: "Haien sistema kapitalista heteropatriarkal eta arrazista kolokan ikusi dute, eta gure borrokak edukiz hustu nahi dituzte, zaintza lanekin negozioa egiten duten bitartean". Egungo sistema "sostengaezina" dela argi utzi dute, eta besteren artean etxeko langileen egoera prekarioa salatu dute, eta eskatu dute "berehala" bazter uzteko Atzerritartasun Legea zein etxeko lan egoiliarra.

Instituzioetako goi kargudunen kongresuaren aurrean zeudenez, zaharren egoitzetako egoera prekarioa salatzeko probestu dute protesta, eta egoitza bateko langile batek hartu du hitza, greba feminista orokorrarekin bat egiten dutela gogorarazteko, nahiz eta ohartarazi duten askok ezingo dutela greba egin, lanean egongo direlako: "Zaharren egoitzetako langileok urteak daramatzagu zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde borrokan. Borroka honetan askotan bakarrik sentitu garen arren, balio handia ematen diogu mugimendu feministak eztabaida erdigunean jarri izanari eta jende gehiagok aldarrikapen horrekin bat egiteari". Agintariei leporatu die egoitza gehienak esku pribatuen menpe utzi izana, eta "irabaziei lehentasuna ematea zaintzari baino lehen": "Nahiz eta instituzioak saiatzen diren euren zaintza eredua zuritzen, Urkullu eta konpainiari hemendik esaten diogu langileok jarraituko dugula antolatuta eta borrokan kalitatezko zaintza sistema publiko eta komunitarioa lortu arte".

Protesa Tabakalera kanpoan. / Argazkia: Leire Artola / ARGIA CC BY SA.
Urkulluri egotzi diote enpresa pribatuen irabaziak lehenestea zaintzen aurrean. / Argazkia: Leire Artola / ARGIA CC BY SA.
Zaharren egoitzetako langile batek gogorarazi du sektore erabat feminizatu eta arrazializatua miseriara kondenatu dutela instituzioek. / Argazkia: Leire Artola / ARGIA CC BY SA.