Baladre kolektiboko eta Arabako Tierra Papel Tijera proiektuko kideen elkarlanetik, Agroekologia Eskola sortu da lehen aldiz. Ekoizpenari eta alde teknikoari soilik begiratu beharrean, proiektu agroekologikoak ikuspegi holistiko batetik planteatzen dituzte eskolaren bultzatzaileek; alegia, ekonomikoki ez ezik, pertsonalki eta emozionalki ere proiektuok bideragarriak izatea. “Guretzat bizitzako alde guztiak kontuan izatea da agroekologia. Ez du balio ekoizpenari begira hamarreko proiektu bat sortzeak, energia guztia horretan jarrita, gero beste alor batzuk hankaz gora edukitzeko”, azaldu du Ramon Roa Bañales kideak. Proiektu bat abiatu nahi dutenei nahiz honezkero abiatu berri dutenei akonpainamendua egiteko helburuarekin abiatu dute eskola.
Lau oinarriren bueltan antolatu dute eskolako edukia bultzatzaileek. Lehen oinarria “lurra” gisa izendatu dute, eta ekoizpenari begirako alor teknikoaz arduratuko den atala da; bigarrena, “papera”, alde administratibo eta burokratikoa landuko duena; hirugarrena, “kolektiboa”, alde pertsonala, asoziazionismoa, inguruarekin eta gainerako kolektiboekin harremanak eta abar aztertuko dituena; eta azkenak, “balantza” bezala izendatu dutenak, proiektu agroekologikoen egunerokoan egon daitezkeen gorabehera eta ustekabeei egiten die erreferentzia.
“Azkenean, proiektu agroekologikoetan beti daude aurretik kontuan izatea ezinezkoak diren gorabeherak: traktorea izorratu dela, ama gaixotu dela eta zaintzak antolatzea dagokizula… Noski, guk ezin dugu aurrez jakin zein ustekabeko gertatuko diren, baina ezin duguna da laneko kronograma bat planteatu gertatuko diren gauza horientzako batere tarterik utzi gabe”. Proiektu agroekologikoak abiatzera doazenei informazio guztia ematea da eskolaren helburua, bereziki nekazaritza eskoletan eta antzekoetan hanka motz gelditzen diren esparu horietan. “Teknikoki oso prestatuta egonda ere, beste alor horietan hasiberriak laguntzea da asmoa”, adierazi dutenez.
Proiektuentzako babesa modu pertsonalizatuan eginen dute eskolan. “Guztientzat material orokorra erabiliko dugu, baina gero, bakoitzak bere proiektua ekarri eta horren jarraipena eginen dugu”. Klase presentzialak Arabako Salcedon izanen dira, baina online bidezkoak ere eginen dituzte. Irakasle lanetan Roa eta Isa Alvarez Vispo arituko badira ere, proiektu bakoitzaren alorreko profesionalekin ere eginen dute lan.
Otsailaren 24an ekinen diete klaseei (ikastaroa gazteleraz da), eta lehen edizio honetarako zazpi proiektuk eman dute izena eskolan: tartean baratzegintza, erlezaintza, abeltzaintza eta eraldaketa proiektuak daude. 600 eurotan jarri dute matrikula, baina matrikula hori proiektuarentzako izanen da, alegia, izena ematen duen proiektu bakoitzetik nahi adina lagunek har dezakete parte. Informazio osoa tierrapapeltijera.com/escuela-agroecologica helbidean aurki daiteke.