argia.eus
INPRIMATU
Zaintzaren negozioa amaitzeko eta sistema publiko komunitariorantz urratsak emateko eskatu die LABek EAJ eta PSNri
  • Bilbon, Gasteizen eta Donostian Foru Aldundien aurrean egin ditu elkarretaratzeak LAB sindikatuak, "EAJ interpelatzeko"; Iruñean, berriz, PSNren egoitza aurrean egin du protesta.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 08a
Argazkia: LAB sindikatua.

"Zaintza sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan eta zaintza negozio iturri bilakatu dutenen kontra irten gara kalera" adierazi du LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak Iruñean: "Izan ere, zaintza sektoreetako langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte, eta errealitate horrek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintza negozio bihurtu duten horiek. EAEren kasuan, arduradun hori azken 40 urteetan agintean egon den alderdia da; EAJ, alegia. Nafarroan, gobernuko alderdi neoliberalek eta ultrakontserbadoreek urteetan zehar ildo berari jarraitu diote: pribatizatu, merkantilizatu eta jendearen premiak erabili irabaziak lortzeko. Horrela, milaka emakume langileren bizitzak prekarizatu eta enpresa pribatuentzako esleipenen bidez diru publikoa poltsikoratu dute. Zaintza, aberastasun iturri izan da batzuentzat".

"Zaintzak demokratizatu"

Hala adierazi du LAB sindikatuak: "Ezinbestekoa da pribatizazioaren joerari buelta ematea, adinekoen egoitzak eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) publiko eginez". Horrez gain, zerbitzua emateko langileen ratioak eta lan-baldintzak hobetu behar direla esan du sindikatuak eta era berean, "etxeko langileen egoera erregularizatu behar dela". Gai horretan, sindikatuak etxeko langileentzako hitzarmen bat lortzeko "lanean jarraituko duela" adierazi du.

Hona gaur goizeko mobilizazioetako hainbat argazki, LAB sindikatuak argitaratu dituenak: