argia.eus
INPRIMATU
Analisia
“Zaintzaren ardurak familia saretik harago joan behar du, zorra beste nonbaiten dago-eta”
  • Mugimendu Feministak ausardiaz jokatu du, lan handia egin du, eta zaintza, bizitza, erdigunean indartuta jarri du. Eragileen artean egin den elkarlana ere garrantzitsua izan da. Azaroaren 30ean Euskal Herriak urrats handia egin du. Gaur egungo zaintzaren eredua irauli egin behar dela argi adierazi du, eredu honek ez dituelako asetzen zaintza beharrizanak.

Ana Mezo Basaras 2023ko abenduaren 01a

Pentsiodunoi dagokigunez, Hego Euskal Herrian 218.000 lagun daude 1.080€-tik beherako pentsioa kobratzen dutenak, gehienak emakumeak dira, etxeko zaintza lanak egiten aritu direnak, bestelako lan profesionala egiteko aukera barik. Ez dute kotizatu, bai ostera, instituzioen gastua murriztu. Haur eskolak eta nagusien etxeak geroago etorri dira. Zahartzen goazen heinean, zainduak izateko beharrizanak agertzen hasten dira. 1.080€-tik beherako pentsioarekin zaila da zaintza beharrei aurre egitea.

Oraindik ere, zaintzaren ardura handia familia sareak dauka. Txikitan zainduak izan garenez, “zor familiarra” sortzen da eta nagusitan zaintzaileak izan behar dugu. Kasu batzuetan, zaintza bihotzez eta konbentzimenduz egiten da, baina behartuta egiten denean arazoak sortzen dira senideen artean, gatazkak eta haserreak. Zaintza zama handia izaten da askotan. Horregatik, bada, zaintzaren ardurak familia saretik harago joan behar du, zorra beste nonbaiten dago eta.

Bestalde, zaintza da jaio eta heriotzaraino behar dugun zerbait, beraz, modu zabalagoan ulertu behar dugu. Unibertsala, publikoa eta komunitarioa nahi dugu. Unibertsala, denon eskubidea delako eta ezin duelako egon bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren menpe. Zaintza publikoa ere irudikatzen dugu. Instituzioen ardura handiagoa eskatzen duena da. Eta komunitarioa izan dadin arriskatu behar dugu eta zehazten hasi. Euskal Herrian egin diren lan komunitarioetan eta dauden esperientzietan sakondu behar da.

Gaur egungo jendartea nahiko konpetitiboa bihurtu da, arruntak dira ate birakariak, aberastasunaren banaketa desorekatuago dago eta eskubideekin negozioa egiten da. Indibidualizazioa indartu da eta ikuspegi kolektiboa ahuldu. Arazoak begi-bistan ditugu. Esaterako, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako ganbarako lan batean, 6tik 5 bertsolarik hiru bertsoak kantatzeko oso-oso antzekoak diren gaiak hartu zituzten. Bertsolari bakoitzak bere doinuan eta neurrian argi utzi zuen, gaur egun modan dagoen estetika arauetatik kanpo dagoena zigortu egiten dela, osasun arazoak sortzeraino. Bost bertsolariak bat etortzea ez da kasualitatea. Hori ere bada elkarren arteko zaintzaren porrotaren seinale.

Euskal Herriko auzolanaren praktika historikotik, sustraituta egon den lan komunitario horretatik, zerbait ikasi eta egin genezake egoera latzak eraldatzeko eta zaintza-beharrizan batzuk bideratzeko. Auzolanak, lan komunitarioak, indibidualizazioa gainditzen lagunduko luke eta herritarron arteko ezagutza, harremana eta zaintza indartu. Edozelan ere, zaintza guztiak ondo bideratzeko lehentasunak markatu behar ditugu. Batzuk berehalakoan konpondu behar dira, besteak beste, langileen baldintza laboralak, soldatak, eta irregulartasunak negargarrizkoak direlako.

Lortzeko ditugun helburuak utopikoak izan daitezkeela baderitzogu ere, adituek esaten dute utopia errealizazio sozialerako proiektutzat har daitekeela eta, proiektu oro bezala, eraiki nahi denaren irudikapen bat dela, jendarte baten forma zehatzetan inspiratzen dela, bere arazoak gainditzeko eta ideia baten inguruan berrantolatzeko. Beraz, honek guztiak lagunduko digu zaintza eraldatzen eta berrantolatzen.
 

Ana Mezo Basaras

Pentsionistak Martxan-eko eta Oneka emakume pentsionisten plataformako kidea