“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

  • “Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba feministak aztertu ditu sakonki, 2019koa eta 2023koa.


2025eko urtarrilaren 15ean - 09:59
Azken eguneraketa: 11:07
Pikara Magazine-ri utzia.

Erraza da Uma Ulaziarekin (Mutriku, 2001) Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatzen dituen asanbladetan eta ekintzetan topo egitea. Azken urteetan bilerak eta militantzia esparruak irakurketekin eta idazketarekin uztartu ditu. Horren ondorioz, argitaratu berri du Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik, Lisipe bildumaren hamabosgarren saiakera. Euskal Herrian egin ziren bi greba feministak aztertzen ditu sakonki, 2019koa eta 2023koa. Ulazia kezkatuta dago zaintzarekin, hitzaren polisemiarekin eta konnotazio erromantikoarekin, eta zaintzaren diskurtsoa ordenatu behar dela defendatzen du. Zaintza lanak familiatik, merkatutik eta heterosexualitatek atera behar direla ere argi du eta horretarako feminismo materialista lanabesik eraginkorrena eta erradikalena dela dio.

Euskal Herriko greba feministen diskurtsoak aztertzen dituen liburua argitaratu duzu. Zein helbururekin egin duzu azterketa hau?

Kezka politiko batetik abiatu nuen liburua bigarren greba eta aste batzuk lehenago. Zaintza gure diskurtsoaren erdigunea zela ikusten nuen, baina zaintzaren adiera oso desberdinak erabiltzen ari ginen: eskubidea, ardura kolektiboa, beharra, nahia… Mugimendu feministan ordenatu behar genituen sortzen ari ginen diskurtso horiek guztiak. Barrutik barrurako egindako saiakera bat da.

Mugimendu feministak grebak tresna gisa erabili izan ditu azken urteetan. Patronala eta langileen arteko gatazkatik haratago, gizonen eta emakumeen arteko gatazka ere badagoela baieztatzen duzu. Ez duzu modu esentzialistan planteatzen, baizik eta emakumeok klase sozial bat garela defendatzen duzu. Zergatik gara klase sozial bat?

Patriarkatuaren premisa da emakumeak eta gizonak jaiotzen garela eta naturaltasun horri esleitzen zaizkio lan batzuk eta jakintza batzuk. Gureak normalean prekarioenak eta balio gutxien dituztenak dira. Natura aitzaki hartuta, blokeatu nahi zuten hori, borroka eremu bihurtzen dugu materialismotik. Hau da, ez du naturak edo biologiak sexua eta generoa bereizten, botereak baizik. Horregatik, produkzio harreman patriarkalaz hitz egiten dugu. Marko materialista batetik klaseen arteko gatazka defendatzen dugu.

2019ko grebara Mugimendu Feministak soilik deitu zuen, eta 2023koa beste sektore batzuekin aliatuta, gehiengo sindikalarekin edo mugimendu sozialekin, adibidez. Hori da aldaketa nabarmena. Zer suposatu zuen aldaketa horrek mugimenduaren estrategian?

Modu positiboan baloratzen dut, partikulartasunetik orokortasunarena salto eman dugu eta aliantzetan murgildu gara. Baina, aldi berean, gizonekin antolatu behar izan gara eta horrek baditu bere arriskuak. Gizonen boterea blokeatzeko sortu ditugu mekanismo batzuk eta greben komiteetan aplikatu: beto eskubidea horren adibide bat da. Mekanismo horiek beharrezkoak dira gure borrokarako.

Zaintza da bi greben diskurtsoaren ardatz nagusienetariko bat. Zergatik heldu behar dio mugimendu feministak zaintzari?

Zaintza emakumeek ordaindu gabe edo era prekarioan egiten duten lana delako, zaintzea desjabetzea delako eta zaintzak pobretzen gaituelako. Zaindu behar izatea da emakume egiten gaituena. Horregatik, gure agendaren erdigunean egon behar da.

Bi greben diskurtsoa aztertu eta gero ondorioztatu duzu 2019an zaintzari buruzko diskurtsoa materialista zela eta 2023an, ordea, idealista. Non ikusten da desberdintasuna?

Sexuaren diskurtsoari begira, 2019an emakumeak eta gizonak desagertu behar zirela planteatzen zen. Horrek suposatu zuen konfrontazio handia izatea gizonekin, gizon klasearekin. Ez ziren grebara deituak izan. 2023an, ordea, ez da planteatzen sexuen desagerpena, eta horrek suposatzen du diskurtsoaren moderazio bat. Hau da, gizon eta emakumeen arteko harremanak segituko du izaten gatazkatsua, baina harreman normalizatuago bat egongo da. Zaintzari dagokionean, 2019an gehiago hitz egiten zen desboteretzeaz eta botereaz eta 2023an eskubide baten beharraz.

Intzidentzia politikoa eta mobilizazio feministari dagokionez, zer onura ekarri zuen proposamen idealistak eta zer materialistak?

Helburu politikoen arabera hartutako hautuak dira. Hau da, 2019an gerra kulturalean sakondu nahi genuen eta horretarako materialismoak eskaintzen dizkigun tresna erradikalak behar genituen. Euskal Herriko estatu feminista lortzeko hegemonia berri bat eraiki behar genuen. Kontrara, 2023an, helburua beste bat zen. Negoziatu nahi genuen eta negoziatzeak moderazioa eskatzen du. Horregatik, idealismoaren alde egin genuen eta zaintzaren publifikazioa eskatzeko baliogarria izan zen, adibidez. Ez dut erori nahi materialismoa ona denaren eta idealismoa txarra denaren dikotomian. Materialistak izan behar gara idealismoa modu estrategikoan erabiliz.

“Materialismoak planteatzen du gizonekin ditugun harreman guztiak problematizatu behar ditugula. Ez daude gizon txarrak eta onak, klase sozial pribilegiatu bat baizik”

Ez duzu dikotomian erori nahi, baina liburu osan zehar feminismo materialistaren apologia egiten duzu. Zergatik da erakargarria eta baliogarria?

Materialismoak planteatzen du gizonekin ditugun harreman guztiak problematizatu behar ditugula. Ez daude gizon txarrak eta onak, klase sozial pribilegiatu bat baizik. Horrek hauspotzen du heterosexualitatearen kontrako borroka edo familia nuklearraren aurkako borroka, eta sortzen ditu baldintzak borroka batzuk feminismoaren erdigunean egoteko: bollerismoa edo antirrazismoa. Ez daude borroka materialak eta sinbolikoak modu kontrajarrian, egiturazko biolentziak daude eta horien kontra borrokatzen dugu feminismo materialistatik.

Zaintzari buruzko diskurtsoak aztertu dituzunean, etxerako lan batzuk utzi dizkiguzu. Zaintza zer den definitzea beharrezkoa dela diozu. Zer da zaintza?

Zaintzaren kontzeptua polisemikoa da eta definizio asko erabiltzen ari gara aldi berean. Adiera interesatuak ekidin nahi baditugu, zaintza zeri deitzen diogu erabaki behar dugu. Hiru adiera daude momentu honetan. Zaintza da desjabetzea, eskubidea eta ardura kolektiboa. Lehenengo kasuan, abolitu egin behar da, bigarrenean aldarrikatu, eta hirugarrenean birbanatu. Hirugarren konnotazioarekin kontuz ibili behar gara eraman ahal gaituelako zaintzaren erromantizaziora eta konfrontazioa ukatzera. Horren ondorioz ikusten ari gara gizonak, enpresak eta gobernuak zaintzaren definizio positiboa bere interesetara egokitzen eta politika kapitalistak, pribatizatzaileak eta familiaristak bultzatzen segitzen dutela. Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu.

Zaintzak ere feminizatu eta heterosexualizatu ahal gaitu. Zaintzaren proposamen erradikal batean pentsatzen badugu, nola zaindu dezakegu generoa eta heterosexualitatea desegiten dugun bitartean?

Emakumeak egitera behartuta gauden gauza guztiei balioa ematen saiatzen gara feminismotik. Zaintza da horren adibide. Baina balioa eman nahi diogu inposiziotik askatu barik eta kontrakoa lortzen dugu: emakumetasuna eta feminitatea birsortu eta indartu. Oso arriskutsua eta biolentoa da.

“Zaintza erradikala sortzeko behar dugu bikote harremanen eta familia nuklearraren desmitifikazioa, eta horretarako ezinbestekoa da subjektu bolleroen lidergoa mugimendu feministan”

Dena ez dira arriskuak. Borroka bolleroa zaintzaren proposamen erradikala eraikitzeko funtsezko ardatz gisa ikusten duzu. Zer esan nahi du horrek?

Bollerismoa da heterosexualitatetik irteteko modua. Materialismoak ez du heterosexualitatea emakume eta gizonen arteko erlazio desiragarrira mugatzen. Aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko erlazionatzeko modu orokorra da. Alegia, gizonentzat gustagarri izatea da heterosexualitatea, eta horren arabera beraiekin erlazionatzea. Hau da, esaten duten guztiari balioa ematea, haien beharrez momentu oro arduratzea, genero performatitatea erreproduzitzea eta abar. Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonekin. Zaintza erradikala sortzeko behar dugu bikote harremanen eta familia nuklearraren desmitifikazioa, eta horretarako ezinbestekoa da subjektu bolleroen lidergoa mugimendu feministan.

Zaintza feministez ari gara, baina erakunde patriarkalak eta alderdi batzuk diskurtsoa lapurtzen saiatzen ari dira. Nola desaktibatzen dugu diskurtso hori? Haiekin aurrez aurre jarri behar dugu ala negoziatu?

Publifikazioa aldarrikatu behar dugu merkatu pribatutik eta familiatik ateratzeko. Euskal Herrian momentu honetan politika familiaristen alde egiten dute gure gobernuek. Negoziazio mahaia eskatu genuen greba eta hurrengo egunean, baina entzungor egiten dute. Beraz, konfrontazioa eta salaketa dira ezinbestekoak gure estrategiarako.

Etorkizunari begira jarri nahi dut. Zer nolakoa izango da Euskal Herriko zaintza sistema?

Zaintza lan guztiak familiatik eta merkatutik kanpo egongo dira eta lan guztiak derrigorrezkoak eta txandakakoak izango dira. Helburua da zaintza bera ere desagerraraztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: zaintza lanak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


2024-10-30 | Sukar Horia
Zaintzaren herrian bizitza posibleagoa da

Gure herri eta hiriek ez gaituzte zaintzen. Lurra falta zaigu, berdeguneak, espazio komunitarioak. Gure herria kapitalaren zerbitzura dago diseinatuta. Zaintzaren herrian, ordea, bizitza da erdigunea.

Lehen Kale Nagusia zegoen, hiria zeharkatzen zuen kale erraldoi bat... [+]


Asier Uriarte
“Zaintzan lan egiten duten emakumeek beraiena den espazioa izan dezaten, lo egiteko eta komunitatea sortzeko”

Etxeko langile diren eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeentzako etxea abian jarri dute Berriozarren. Zortzi pertsonendako lekua duen pisua gaitu dute zaintzan diharduten langileak 6-12 hilabetez espazio duin eta seguru batean bizi daitezen. SOS Arrazakeria Nafarroak eta... [+]


2024-10-09 | Julene Flamarique
Arabako zahar-etxeetako langileek greba egingo dute urriaren 17an

ELA eta LAB sindikatuek deituriko lanuztea da eta “lehenengo probintzia lan-hitzarmena” aldarrikatuko dute. Langileak lau urtez egon dira “baldintza duinak” galdegiten eta ekainean berriro biltzen hasi zirenetik “ez da aurrerapausorik eman”.


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


Etxeko langileen lan segurtasunerako dekretua: eskubideak bai, baina hutsune handiak ere bai

Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio,... [+]


Atsedenerako eskubidea eta beharra aldarrikatu dute zaintza arloko langileek Donostian

Manifestazioa egin dute etxeko eta zaintza arloko langileek igandean, hainbat eragilek deituta. Hitzarmenen premia eta aisiarako eskubidea aldarrikatu dituzte, oztopo burokratikoak salatzearekin batera.


Jaioberriaren guraso ez direnek ere berau zaintzeko baimen ordaindua lortu dezakete Suedian

Seme-alaba jaioberria zaintzeko baimen ordainduaren zati bat aiton-amonei edota gertuko beste norbaiti eman diezaiekete gurasoek Suedian, uztail honetatik aurrera.


Zerk batzen gaitu?

Arrazismoa, matxismoa, klasismoa, eta beste hamaika ismo-rekin batera koka genezake edadismoa ere, adinkeria, alegia. Adinaren arabera jasan daitekeen bazterketa guztiok paira bagenezake ere, bestelako diskriminazio motekin gurutzatzen denean, errealitatea gogortu egin daiteke... [+]


A30eko greba feminista orokorraren harira, hiru grebalari deitu dituzte deklaratzera

 Azpeitiko epaitegian deklaratu beharko dute ekainaren 5ean. Zumaia eta Zarautz arteko A-8 autobidearen mozketari loturik, "desordena publikoa" egozten diete. Egun berean 09:50ean elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, elkartasuna adierazteaz gain,... [+]


Irati Mogollon
“Aurreikuspen onenetan, gazteen kopurua bikoiztuko dute nagusiek eta kasurik okerrenean boskoiztu. Zaintzari buruz hausnartu behar dugu”

Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.


2024-05-22 | Inma Errea Cleix
Zaintzaren erdigunean

Bati fardela aldatzea. Beste bati gorputza garbitu eta ximentzea. Jana atondu eta norbaiti jaten ematea. Norbaiten gorputza oheratu edo ohetik altxatzea. Goitikan ari dela inori eutsi eta hura garbitzea. Horiek guztiak dira zaintzeko lanak. Zerrenda askoz luzeagoa da, nahiz... [+]


Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Eguneraketa berriak daude