argia.eus
INPRIMATU
Zaintzailearen zaintzaz
  • Maria Josefari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik ahizparen eta alabaren artean zaintzen dute; gaixotasunak eragindako beldurrez, zailtasunez eta zamaz mintzatu da Maite, Maria Josefaren alaba.

Olaia L. Garaialde 2023ko ekainaren 09a
"Ezagutzen dugu gaixotasuna, eta badakigu nora doan; hobetu ez da inoiz hobetzen".

Duela urte bat baino gehiago diagnostikatu zioten alzheimerra Maria Josefari, eta ordutik, Maitek, bere alabak eta Mentxuk, ahizpak, zaintzen dute. Ahizparekin bizi da Vianan (Nafarroa), eta arratsaldero Maiterekin egoten da. Maitek azaldu du “asko” kezkatzen dela baliabideak “urriak” direlako: “Dena kudeatzeko laguntza handia behar da, familiarra zein instituzionala”. Asmatutako izenak dira, familiaren intimitatea babestu nahi dutelako.

Diagnostikoa jaso eta astebetera jakin zuten Afan alzheimerra eta bestelako dementziaren bat dutenen Nafarroako senideen elkarteak ikastaro bat eman behar zuela Vianan, eta parte hartzea erabaki zuten. Bertan, alzheimerraren faseez eta zaintzaz hitz egin zuten, besteak beste. Ordutik, hilabetero joaten dira Afanera.

Alzheimerra zeukala jakin baino lehen, susmoren bat zeukatela azaldu du Maitek: “Ikusi genuen ez zeukala betiko energia eta ez zela betikoa”. Gaineratu du hasieratik “oso gogorra” izan dela: “Kezka nagusia da gaixotasunak nora eramango duen ama, poliki-poliki ama galtzen zoazelako. Horregatik, Afanekoek esaten digute dolua hil baino lehenago hasten dela”. Kezkaz gain, beldurra ere sentitu zuten hasieran: “Ezagutzen dugu gaixotasuna, eta badakigu nora doan; hobetu ez da inoiz hobetzen”.

"Kezka nagusia da gaixotasunak nora eramango duen ama, poliki-poliki ama galtzen zoazelako. Horregatik, Afanekoek esaten digute dolua hil baino lehenago hasten dela"

Autozaintzarako tresnak

Alzheimerrari eta beste dementziei buruzko informazioa, gaixotasuna gobernatzeko jarraibideak, pertsona kaltetuarekin komunikatzeko teknikak, zaintzailearen zaintza eta familietan egoten diren ondorio psikoemozionalak lantzen dituzte Afanen. Elkarteko psikologo Zuriñe Muzkizek azaldu du “oso garrantzitsua” dela zaintzaile nagusiari autozaintzarako tresnak ematea: “Alzheimerra duenarentzat erreferentziazko pertsona denez, denbora pila bat eskaintzen diote, eta bizitza alde batera uzten dute”.

Tresna horien helburua da prebentzioan laguntzea zaintzaile nagusiak gainkargarik ez izateko: “Gerta daiteke jokabide arazoak izatea, eta hori kudeatzea zaintzailearentzat oso zaila da”. Muzkizek azaldu du ez dela kasu guztietan gertatzen, baina ardurak handitu daitezkeela horren ondorioz. “Gure kasuan, hasieran zailtasun txiki batzuk izan genituen, baina gero ongi”, kontatu du Maitek.

Normalean zaintzaile nagusi bat egon arren, Maria Josefaren kasuan bi ditu: ahizpa eta alaba. “Zure bizitza ez duzu alde batera uzten, baina buruan daukazu denbora guztian zure ama”, esan du Maitek.

Hasieran, goizetan Mentxurekin egoten zen Maria Josefa, baina Maitek erabaki zuen Vianako zahar-etxeko eguneko zentroko zerbitzura joatea ekintzak egitera: “Oso ongi dago, ikusten da energia aldatu zaiola eta laguntzen diola”. Hala ere, hasieran zalantzak zituenez, Muzkizekin hitz egin zuen: “Esan zidan ongi egonen zela. Zaila denez horrelako erabaki bat hartzea, lagungarria da beste batek bultzada txiki bat ematea”.

Hala ere, eguneko zentrora eramateko zailtasunak izan ditu, pandemiaren hasieran itxi egin zutelako: “Hasi nintzen aspaldi eskatzen jakinda momentu hori iritsiko zela”. Orain arte, Lizarrako eguneko zentrora joan behar izan dute.