argia.eus
INPRIMATU
Zaintza sistema publikoaren alde greba eguna izango da martxoaren 4an
  • Urtarrilaren 26an egin zuten bezala, ostegun honetan, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuek greba deialdia egin dute zaintza sektorean beste eredu baten alde egin dadin.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 01a
Urtarrilaren 26an sindikatu berberek zaintza sektoreko greba deitu zuten. Argazkia Bilbon ateratakoa da. Argazkia: Ecuador Etxea.

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egingo dira mobilizazioak eta zaintza sistema "publikoa, duina, doakoa, kalitatezkoa, unibertsala eta administrazio publikoek zuzenean kudeatutakoa" eskatuko dute. Lau sindikatuez gain, zahar egoitzetako hainbat senide elkartek (Babestu Bizkaia, Babestu Araba eta Gipuzkoako Senideak), pentsiodunen plataformek, kolektibo feministek, Itaiak, Irauli Zaintzak eta Malen Etxeak babestuko dute greba eguna.

Zaintza sektorean lanean ari diren hainbat esparrutako langileak daude grebara deituta, hala nola, etxez etxeko laguntza, zahar egoitzak, eguneko zentroak, etxebizitza tutelatuak, teleasistentzia eta aterpetxeak.

ELA kritiko azaldu da erakundeek zaintza kudeatzeko duten ereduaz: “Gizarteak zaintza-sektorearen publikotasuna aldarrikatzen badu ere, eta horrekin batera langileen lan-baldintzak duindu eta ematen den asistentzia-kalitatea hobetu, erakundeak ez dira hitz politetatik ekintzetara pasatzen. Horregatik, ELAk propaganda gutxiago eta irtenbide gehiago eskatzen ditu: zaintza-sistema publiko blindatua, interes kapitalisten edo alderdikoien aurrean”.

LABen ustez, gizarte zerbitzuen sistemak eredu aldaketa oso bat behar du: “Urteak daramatzagu langile, erabiltzaile eta erabiltzaileen senitartekoak administrazioak interpelatzen. Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz”.