Berdintasun Ministerioak Estatuko Zainketen Estrategia martxoaren erdialdean aurkeztea aurreikusten du, Gizarte Eskubideen Ministerioarekin lankidetzan. Legegintzaldia amaitu aurretik, alderdi aurrerakoiek zaintza-sistemaren ibilbide-orria ezagutarazi nahi dute. Gaiari buruzko eztabaida ez da instituzioetan agortzen; izan ere, zaintza-politika horien beharra azpimarratu da baita ertzetan kokatzen diren mugimendu politikoetatik ere. Estatu mailakoak, nazionalak edo autonomikoak badira ere, guztiak, kapitalismoaren alderdi positibo faltsua adierazten duen eta deskonposizio betean dagoen Ongizate Estatuaren planteamenduan oinarritzen dira.
Etxeko lanen eta zaintza-lanen gaia funtsezkoa izan da emakume langilea askatzeko proposamenaren baitan, eta, beraz, ukaezina da hori ebazteak duen garrantzia. Beraz, auzia harreman sozial kapitalistaren barruan kokatzea eta harreman hori gainditzeko borroka-prozesuak martxan jartzea lehen mailako zeregina da.
Testu honen bidez, zaintzari buruzko proposamenen mugei heldu nahi diegu, izan politikari profesionalen proposamenak, izan eragile sozialetatik sorturikoak. Eztabaida teorikoetan gehiegi sartzeko asmorik gabe, jarrera kritiko batetik, zaintza-sistema publiko eta komunitario baten eskarian oinarritzen diren estrategia eta antolaketa-moduak jorratzea dugu xede.
Krisi testuingurua irabazia metatzeko ezintasunak ezaugarritzen du, oinarri horrek esparru guztietan eragiten du, eta, ondorioz, burgesiak bere klase posizioa mantentzeko zailtasun handiagoa du. Krisi kapitalistak etekin ekonomikoa handitzeko eta metatzeko dituen mugak sistema beraren barne-berregituraketa eskatzen du. Horretarako, metatze-ziklo berri baterako, erreformak eta doikuntzak gauzatzen dira, horren baitan ulertzen dugu burgesiak langileriaren aurka zabaldu duen ofentsiba ekonomiko eta politikoa. Ekoizpen-prozesu globalean erabakitzeko gaitasuna dutenak dira neurri horiek sustatzen dituztenak, instituzio ezberdinen bidez. Instituzio horiek, lehen esan bezala, langile-klasea debaluatzen dute, eta, horrela, proletario-izaera orokortu egiten dute gure bizi forma gisa.
Etxeko lanei eta zainketei dagokienez, prozesu horrek bi auzi azaleratzen ditu: lehenengoa, sektoreko lan-baldintzen –nagusiki emakumeen sektorea izanik– eta zerbitzu berberen kalitatearen beheranzko joera, eta bigarrena, zaintza eta garbiketa zerbitzuen pribatizazioa, azken batean instituzio publikoen inbertsio publikoaren mende dauden zerbitzu hauek enpresa pribatuek kontrolatzen eta kudeatzen dituzte. Eta garrantzitsua da instituzioen kolaborazioa azpimarratzea, funtsezko funtzioa betetzen baitute: enpresa horiek azpikontratatzen dituzte, lan-baldintzak ezartzen dituzte eta pribatizazioa indartzen dute.
Egoera hau, soldata-hobekuntzak eragiteko eta zerbitzuetarako sarbidea eta kalitatea bermatzeko gai ez denez, gero eta kezka handiagoa sortzen du gizartean, langile-klasearen erreprodukziorako funtsezkoak diren zerbitzuak murrizten ari direlako. Ezintasun horren ondorioz, ezkerreko sektore batzuek etxeko lanen eta zaintza-lanen gaiari erantzuteko programa-proposamen bat egin dute. Hartzen duten antolaketa-modua alde batera utzita, zaintza gizarteko bizi baldintzen gainbeheraren aurrean eraldaketarako oinarri gisa kokatzen dute, eta hiru ardatzen bidez egituratzen da hori: zaintzak jasotzeko eskubidea, baldintza berdinetan zaintzeko eskubidea eta baldintza duinetan lan egiteko eskubidea. Horrela, zaintza-kultura berri bat eraikitzeko saiakera egin nahi dute, hau da, bizitzaren antolaketan funtsezko aldaketa bat eginez, gizarte bidezkoago baterako pixkanakako eraldaketa proposatzen dute. Zaintzarako eskubide kolektiboa kontsigna estrategikoa bilakatzen da eta horren oinarria, Estatuaren eta komunitatearen arteko sinbiosia; betiere kapitalaren irizpidepean ematen dena eta, azken batean, gizarte-harreman ororen nolakotasuna ezartzen duena.
Zaintza berregituratzeko, ikuspegi komunitario batetik, hainbat eragileren arteko lankidetza-harremana proposatzen da. Prestazio publikoak indartu beharko lituzketen instituzioak batetik; gizarte-ekonomia eraldatzaile baten alde lan egingo luketen kooperatibak bestetik, lan baldintza justuen aldeko konpromisoa hartuko luketenak; eta horren guztiaren oinarri soziala izango liratekeen kolektibo sozialak. Horiek guztiek, modu batean edo bestean, zaintzaren krisiari oinarritik erantzutea aldarrikatzen dute, eta Estatuari eskubideak zabaltzea eskatzen diote; hau da, politika publikoak indartu eta horiek elkartasunean oinarrituriko maila lokaleko sare herritar boluntarioekin osatzea proposatzen dute.
Planteamendu horrek Estatua eragile neutral gisa aurkezten du, ekonomiaren eta finantzaketaren gainean erabakitzeko gaitasuna izango balu bezala. Arazoa, beraz, ez dute Estatuaren izaera klasistan kokatzen, baizik eta arazo tekniko soil batean, zeina gobernuko politikarien borondate-aldaketa batekin konpondu ahalko litzatekeen. Beste modu batera esanda, politika horiek gauzatu eta horien aplikazioa kudeatuko lukeen alderdi instituzionala indartzea dute helburu; alderdi horiek presio sozialaren bidez beraien eskaerak aurrera aterako dituztelakoan.
Aldi berean, politika publikoak indartzeko finantzaketa ekonomikoa galdegiten da. Hori dela-eta, etekinen birbanaketa ekitatiboa proposatzen da, erreforma fiskalaren bidez. Horrela, ikuspegi horren bitartez, kapitalista on eta txarren arteko bereizketa egitera garamatza, zenbait kapitalistek, beraien ontasunez, proletarioen interesak babes ditzaketela pentsatuz, baina horretarako beraien pribilegoak alboratu beharko lituzkete, beraien klase existentzia bera ukatuz.
Laburbilduz, ikuskera horretatik datozen proposamen guztiak, alde batetik, instituzioei aldarrikapenak egitean, eta, bestetik, asistentzia izaera duten neurri edo lan lokaletan oinarritzen dira, azken horiek administrazio publikoen lanaren gabezia osatzeko funtzioa betetzen bukatzen baitute. Gainera, krisi-garaian, desio formalek oraindik eta ezintasun handiagoa izaten dute beraien aplikagarritasunean; izan ere, klase jabedunen etekinei eusteak, langile klasearen erreprodukzioari loturiko inbertsioa mugatzea eskatzen du: osasuna, hezkuntza, zaintza-zerbitzuak... murriztuz.
Diskurtso-erretorika, gainera, zaintza-sare komunitarioen sorrerarekin osatzen dute, esate baterako, auzokoak edo herrietakoak. Ertzetatik eraikitzearen aldeko apustua egiten dute erresistentzia moduan, azken batean kapitalismorik gabeko oasi txikiak sortzea planteatzen duena. Iraultza, ekoizpen-bideen sozializazioa –baita zaintzaren sozializazioa ere– alboratu egiten da, “komunen” aldeko estrategia nagusituz, hau da, proposamen horretan kapitalismotik kanpo pentsatzen duten ekintza autoantolatuek zentralitatea hartzen dute.
Zaintzaren aldaketa kapitalismoaren baitan kokatzen dutenek, momentuko aldaketak aldarrikapen formalen bidez egikaritzen dituzte. Horrela, ekintza politikoa eta borrokarako aukera estatuaren mugetan kokatzen dira, horrek baimentzen duenaren eta ez duenaren arteko jokoan. Horrek ezabatu egiten du egoera iraultzeko beharra duen eta klase-independentziaren baitan antolatzen den borondate politiko oro. Horrela, erreforma hauek gaitasun politikoak handitzeko baino, egungo bizi baldintzei eusteko bitarteko bihurtzen dira: miseria eta langileon menderakuntza.
Aipatutako jardun edo norabide politiko horiek, hasiera batean gaur egungo zaintza ereduari alternatiba eraikitzeko asmoa eduki dezaketen, ez dute oinarri iraultzailerik ez baititu bere gain hartzen analisiaren inplikazio praktikoak. Azken finean, adierazpen politiko horiek egiten duten lana alderdi politiko profesionalek eta haien ezkerreko alderdiek kapitalizatzen dute, eta helburu bakarra kapitalaren kudeaketan duten posizioari eustea da, botoak eskuratuz.
Etxeko lanen eta zaintza-lanen auziak ikuspegi integral bat eskatzen du, borroka politikoa kontzeptu estrategiko argi batzuen baitan bideratuko duena. Gure ustez, konponbidea lortzeko, alde batetik, lanaren banaketa sexualarekin amaitu behar da, eta horrek, aldi berean, onura ekonomikoan oinarritutako lanaren banaketa sozialarekin amaitzea eskatzen du. Eta, beste alde batetik, etxeko lanen sozializazio unibertsala bermatu behar da, guztientzako kalitatezko eta doako zerbitzuak bermatzeko aukera bakarra baita; lehen aipatu bezala, zerbitzu horien estatalizazio- edo publifikazio-proposamenak kapitalaren dinamiken mende daude; eta, beraz, ez dute eta ezin dute pertsona guztientzako kalitatezko eta doako zerbitzua bermatu, izan ere, horrek berekin ekarriko bailuke haien klase-pribilegioa alde batera uztea, ongizate orokorraren mesedetan.
Ildo estrategiko horiek funtsezkoak dira pertsona guztientzako kalitatezko bizi- eta lan-baldintza berdinak bermatzeko, kualifikazioaren araberako lan-prozesuen hierarkiarekin amaituz eta lan prozesu guztientzako aitortza sozial bera bermatuz. Halaber, modu duinean eta gizatiarrean zainduak izateko eta zaintzeko premisa dira, zerbitzu horiek gauzatuko dituzten, zein jasoko dituzten pertsonen kalitatezko baldintzak bermatuz. Horrela emakume proletario askok eta askok beraien familietan, zein besteen familietan egiten ditugun lanen zamarekin amaitu behar dugu, klase ertaineko emakume batzuk funtzio horietatik askatzea lortuta ere, emakume guztiok ez baikaitu askatu. Era berean, familia proletario guztiek kalitatezko bizitza izateko beharrezkoak diren zerbitzuak babestea ahalbidetuko luke; izan ere, familia horietako askok, gaur egun, ezin dituzte zerbitzu horiek bermatu baliabide, denbora eta indar faltagatik.
Sozialismoaren eraikuntzan egon daitezkeen ekimen eta instituzioak zehazteko abiapuntu egokia izan daiteke zaintza arloan aurretik izandako esperientzien azterketa kritikoa egitea. Sehaska-etxeak, haurtzaroko lorategiak, jantokiak, garbitegiak, kirol-erakundeak edo aisialdiko erakundeak historian zehar izandako hainbat prozesu sozialisten adibide dira. Prozesu horiek lan horien sozializazioari lehen bultzada eman zioten, eta emakume langilea lan militantean agente politiko gisa integratzea erraztu zuten. Hala ere, garrantzitsua da borroka politikoa gaurkotasunean kokatzea. Antolaketa eta borroka sozialistak gizartearen haserrea ezin du salaketa planora mugatu, beharrezkoa da langileriaren indarra bere osotasunean artikulatzea eta horra begirako proposamen politikoak egitea. Horretarako, beharrezkoa da zaintzen eremuan ere, problematika horren aurrean gaurdanik borroka-prozesuak egikaritzea. Borroka eta esperientzia horiek, proletarioen biziraupena borroka politikoa garatzeko baldintza onenetan bermatu ahal izateko, eta botere sozialista baten esperimentazioa gauzatu ahal izateko balio behar dute, betiere kapitalismoa desmuntatzeko prozesuaren osagarri izanda. Horregatik, planteamendu horrek guztiak emakume langilearen aktibazio politikoa ekarri behar du berarekin, eta, aldi berean, botere independente baten eraikuntzan ekarpena egin behar du, guztion ongizatea bermatuko duen gizarte baten alde.