argia.eus
INPRIMATU
Zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan
  • Denon Bizitzak Erdigunean lelopean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ekintzak antolatu ditu irailaren 20an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ekintzen bidez, zaintza negozio iturri bihurtu duten eragileak interpelatu dituzte. Mobilizazioak baliatu dituzte azaroaren 30erako greba feminista orokorrera deitzeko.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 21a
Bilboko mobilizazioa. Argazkia: EHko Mugimendu Feminista.

Bilbon, EAJren egoitzaren aurrean, Sabin Etxean, egin dute mobilizazioa. Mugimendu feministaren iritziz, Bizkaiko zaintzako azpiegiturak negozio iturri bihurtzearen arduradun nagusia da EAJ. Iruñean, Atzerritarren Legearen aurkako protesta egin dute Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoetan. Donostian bi gune aukeratu dituzte protestarako: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrealdea eta Intxaurrondo auzoko Txara gunean. Inguru horretan hainbat zahar egoitza dago. Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzan egin dute mobilizazioa.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak argitara emandako oharraren arabera, atzoko mobilizazioen helburua zaintza sistema iraultzeko urgentzia mahai gainean jartzea zen. Mugimenduak egiten duen irakurketaren arabera, bizitza duinak eraikitzeko ezinbestekoa da bizitzak zaintzea, eta horretarako aldarrikatu beharra dago askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea.

Oharrean, fokupean jarri dituzte zaintza negozio iturri bihurtu duten eragileak: “lan hori erabat ikusezin mantentzeko interesa dute batzuek: Lan horiek soldatapetik zein lan erregimen orokorretik kanpo utzita, negozioa egiten baitute. Horrela, zaintza lanak emakumeen, eta geroz eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan”.

Mugimenduak egoeraren erantzuletzat ditu enpresa pribatuak eta erakunde publikoak, eta eskatu die zaintzaren pribatizazioa eta merkantilizazioa bukatzea.

Enpresak eta instituzioak lehen lerrora ekartzeaz gain, gizonei dei egin die gai horretan ardura har dezaten eta azaroaren 30ean greba feminista orokorrarekin bat egin dezaten.

Urriaren 7an herri akordioa aurkeztuko dute, “sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitze bidean”.

Iruñean Atzerritarren Legearen aurkako mobilizazioa egin dute. Argazkia: EHko Mugimendu Feminista.