argia.eus
INPRIMATU
Zaintza sistema eraldatzea helburu, epe luzerako prozesua jarri du martxan Euskal Herriko Mugimendu Feministak
  • Mugimendu feministak epe luzerako prozesu bat jarri du martxan, zaintza sistema iraultzeko helburuarekin. Mobilizazio-prozesu gisa planteatu dute, eta lehen mugarria Martxoaren 8an jarriko dute.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 01

Denon bizitzak erdigunean. Zaintzak irauli dena aldatzeko leloa darama Euskal Herriko Mugimendu Feministak asteazkenean aurkeztu duen borroka-dinamikak. Gasteizen egin dute agerraldia, Bulleria plazan, eta bertatik eman diote hasiera epe luzekoa izan nahi duen prozesuari.

Zehazki, zaintzak "iraultzeaz" eta zaintza sistema "eraldatzeaz" mintzatu dira, hortxe ikusten baitute "dena aldatzeko" giltza. Eta helburu horrekin, mugimendu feminista berraktibatu dela jakinarazi dute. Mobilizazio-prozesu bat abiatuko dute "egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz", eta Martxoaren 8an dira jartzekoak prozesu horren lehen mugarria.

Mugimendu feministak azken urteetan hainbestetan mahai gainean jarritako diskurtsoaz jabetu denik badela, eta diskurtsoa edukiz hustu dutela adierazi dute: "Badakigu orain edonork hitz egiten duela zaintzaren garrantziaz". Zentzu horretan, fokua jarri dute zaintzen auziarentzat azaleko konponbideak proposatzen dituztenengan, eta isilaraziko dituen promesa faltsurik ez dutela nahi adierazi dute. Are, zaintza eremuan azaletik harago doazen aldaketak gerta daitezen, proposamen eta neurri zehatzak egitera datoz. Helburua: zaintzak erantzukizun soziala bilakatzea negozioa ordez, eta zaintzarako eskubide kolektiboa erdiestea.

Abiatutako bidean indarrak batu nahi dituzte zaintzaren sektorean lan-baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin, baita zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin ere. Horrez gain, aliantzak eratu nahi dituzte herri mugimenduekin eta "dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin".

Abiatutako prozesuaren norabidean lanean hastera deitu dituzte tokian tokiko asanblada feministak, eta horretarako tresna-kutxa bat jarri dute eskuragai online.