argia.eus
INPRIMATU
Zaintza krisiaren arrazakeria eta pribilegioak bistaratu dituzte Donostian
  • Pandemiak larriagotu egin duen zaintza krisi honetan, Donostiako manifestazioan salatu dute egitura arrazistak eta zaintza sistema publikorik ez izateak nazioaz gaindiko zaintza katea estutzen duela: “Zaintzaren egiturazko krisi honetan, nola konpontzen da auzia zurien etxean? Egitura arrazista eta kolonialak ematen digun pribilegio zuria eta hierarkia gorena erabiliz; bestela esanda, emakume migratu eta arrazializatuak esplotatuz”.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 09a
Argazkia: Dani Blanco.

Arratsaldeko 18:30ean deituriko manifestazioaz gain, egunean zehar ere aldarrikapenez beteriko ekintzak izan genituen Donostian.

Pentsionisten mugimenduak manifestazioa egin zuen goizean, pentsioetan ere genero arrakala dagoela salatuz. ”Adineko emakumeok eta emakume pentsiodunok laneko diskriminazioaren, prekarietatearen, zainketen feminizazioaren eta bizitzari eusteko zereginen ondorioak jasaten jarraitzen dugu, eta ez dira aitortzen, eta ez dute eskubiderik sortzen pentsio nahikoa eta bizitza duina lortzeko”, azaldu zuten.

Arratsaldean auzoetako zutabeek deialdia egin zuten elkarrekin Antiguoko tunelera joateko. Amarako zutabeak Morlansetik abiatu eta Easo kaleko Askabide klinikan egin zuen geldialdia, “gure gorputza, gure eskubidea” ekintza burutzeko. Bertan, zenbait ultra katolikok abortuaren kontrako ekintzak egiten dituzte, eta martxoaren 8an ekintzaile feministez bete zen. Parte Zaharretik, Grosetik eta Emakumeen Etxetik ere zutabeak antolatu ziren manifestaziora hurbiltzeko eta Intziri taldea ere Trinitate plazatik abiatu zen. Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak kontzentrazio egin zuen epaitegien aurrean “instituzio burgesek genero zapalkuntzaren betikotzean duten papera seinalatzeko”.

Milaka lagun bildu ziren Antiguoko tunelean, eta feminismotik dena aldatu sistema arrazista arrakalatu lelopean ekin zioten manifestazioari Bulebarreraino iritsi arte. Erdialdea zeharkatu zuten Gora Borroka Feminista! oihukatuz eta batukadaren erritmoa jarraituz. Manifestazioko burua Bulebarrera iristen ari zela, atzeko zutabeak Askatasun Hiribidea zeharkatzen ari ziren oraindik.

Bulebarrera iristean, manifestatzaile asko errepidean geratu ziren ekitaldia egin bitartean, distantziak mantentzeko helburuarekin. Donostiako Asanblada Feministako kideek amaierako ekitaldia hastean Iruñean atxilotutako kideari elkartasuna adierazi zioten. “Emakumeok askotariko zapalkuntzak jasaten ditugu eta horregatik, ez dugu atseden hartuko emakume guztiok gure eskubideen jabe izan arte” aldarrikatu zuten. Bestetik, COVID-19ak emakumeengan eragin handiagoa duela eta emakumeen zama oraindik gehiago handitzen duela azpimarratu zuten, eta sistema arrazistak duen rola ere nabarmendu zuten: “Zaintzaren egiturazko krisi honetan, nola konpontzen da auzia zurien etxean? Egitura arrazista eta kolonialak ematen digun pribilegio zuria eta hierarkia gorena erabiliz; bestela esanda, emakume migratu eta arrazializatuak esplotatuz. Zaintza sistema publiko unibertsalik ez izateak betikotu egiten du nazioz gaindiko zaintza katea”.

“Arrazakeria instituzionala”, “poliziaren errepresioa”, “etxegabetzeak” eta emakume erretiratuen egoera ere salaketen artean izan ziren eta administrazioari, zaintzaleen eta zaintzen dituzten pertsonen duintasuna oinarri izango duen zaintza sistema publikoa exijitu zioten. Horretarako, Atzerritarren Legea desagarraztea ezinbestekoa dela azaldu zuten, “esklabismo egoerak sortzen baititu XXI. mendean”.

“Feminismoetatik diogu ez gaudela salgai, ez dugula betikotu nahi sistema bat, zeinetan emakume batzuek beste batzuen kristalezko sabaiaren puskak garbituko dituzten” oihukatu zuten amaitzeko.

Ondoren neska talde bat kioskora igo zen abesti bat kantatzera. Manifestariak hunkitzeaz gain dantzan eta kantuan jarri zituzten: "Neska altxa! borroka garaia da!, gora emakumeon borroka!". Txalo zaparra jaso ostean amaitu zen ekitaldia.

Hemen ikus daiteke Dani Blancok Donostiako manifestazioan ateratako argazkien galeria.