ELA sindikatuak plan bat aurkeztu die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari. Zaintza, garbiketa eta osasun alorretan azpikontratatutako enpresatan diharduten langileak subrogatzea eta finko bihurtzea eskatzen du planak. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "COVID-19aren krisiak erakutsi du zeintzuk diren gizarte batek funtzionatzeko funtsezko sektoreak, eta agerian utzi du bertan lan egiten duten pertsonek prekarietate handiena pairatzen dutela".
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi du "ezinbestekoa dela gaur egun pribatizatuta edo azpikontratatuta dauden bokazio publikoko zerbitzu asko publifikatzea". Horretarako, plan bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zaintza-sektoreak publiko bihur ditzaten: adinekoen egoitzak, eguneko zentroak, dibertsitate funtzionala duten pertsonen etxeak eta elkarteak, adingabeen pisuak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuak hartzen ditu plan honek eta langileen subrogazioa eta finkapena bermatzen ditu.
"Beste funtsezko sektore bat garbitasunarena da, eta hori oinarrizkoa izan da krisi honetan. Hala eta guztiz ere, langileek generoko soldata-arrakala handienak dituzte, baita egiturazko prekaritatea ere" adierazi du Lakuntzak. Hori dela eta, eskatu du administrazioarentzat garbiketa lana egiten duten azpikontratak publiko egitea "edo, sektore pribatuan lan egiten badute, enpresa nagusietan integratzea".
"Anbulantzietako langileek arrisku handia jasaten dute beren osasunerako, pribatizazioaren ondorio txarrenak izateaz gain" salatu du Lakuntzak eta zerbitzu hau ere publiko egitearen alde lan egingo dutela iragarri du: "plantilla guztien subrogazioa eta finkapena bermatuz eta langile publikoen baldintzekin parekatuz".