argia.eus
INPRIMATU
Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen
  • Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da izan irtenbideak aurkitzea, Eskisabelen ustez, “urrun gaude” horretatik eta asmoa “elkarrizketa probokatzea” izan da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko irailaren 27a
Ezkerretik eskuinera, Leire Goñi mahaia gidatzen, Elisa Peredo, Mariana Urcuyo eta Katia Reimberg. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Goiz osoko egitaraua eskaini du Kontseiluak. Zaintza sektorean lanean ari direnak, euskaltegietako arduradunak eta esperientzia praktikoak azaldu dituzten eragileak bildu dira Donostiako jardunaldietan. Ondoko lerroetan sei hitzaldietako batzuren laburpenak jaso ditugu.

Lotura honetan daukazue egitaraua eta saio osoa bideoz ikusteko aukera: Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen

Idurre Eskisabel: “Korapilo handi bat daukagu”

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak egin die sarrera jardunaldiei izenburu honen pean: Zer da eremu sozioekonomikoa euskalgintzarentzat? Nor utzi du kanpoan? Zergatik da zaintza estrategikoa euskararentzat?

Eskisabelek aitortu du ez zaiela erraza egin egitaraua osatzea, hau da, bataren eta bestearengana jo eta gaiaren konplexutasunaz hitz egin dietela eta zalantza egin dutela zenbaterainoko ekarpena egin dezaketen gai honetan. Eskisabelek adierazi du, “ez nuke esango jendea beldurtuta dagoenik, baina korapilo handi bat daukagu”.

Beraz, korapilo konplexua dela azpimarratu du, eta era berean, “oso modu errazean formulatu daitekeena”: zaintza ona eta justua izatea norberaren hizkuntzan artatua izanda, askoren kasuan euskaraz. Gehitu du zaindua izateko premia zaurgarritasun egoera batetik datorrela. Bestalde, euskarara iristeko zailtasunik handienak zaintza lanetan ari direnek dituztela dio, eta bere ustez, irisbide nekez hori lan baldintzengatik eta lan mota horren ezaugarriengatik da, hain zuzen.

Urgentziaz heldu beharrekoa

Gaia, heltzeko konplexua da eta era berean heldu beharrekoa, “urgentziaz heldu beharrekoa”. Jardunaldien helburua irtenbide zehatzak aurkitzea ez dela adierazi du Eskisabelek, “uste dugu oso urrun gaudela horretatik”. Asmoa “elkarrizketa probokatzea” da, euskalgintzak elkarrizketa bidea irekitzea hemendik aurrera.

Euskalduntzean fabrikak lehen lerroan

Eskisabelek denboran atzera egin du eta bistaratu nahi izan du nola eremu sozioekonomikoaren euskalduntze prozesuan hainbat alorri eman zaion lehentasuna, eta beste batzuk bigarren tokian utzi diren. Euskalgintzak, duela bi hamarkada hasita, eremu sozioekonomikoa euskalduntze bidean egindako ahalegina aitortu du, baina gaineratu du euskalgintzak eremu horretan pentsatu duenean fabrikak izan dituela buruan: “Kanpoan utzi du beti enplegu feminizatua eta prekarizatua dagoen eremua, eta ez da kasualitatea. Gizartearen ispilu da euskalgintza ere, eta gizartea zeharkatzen duen arrakala, lan erreproduktibo eta produktiboaren artekoa, ere erreproduzitu du”. Azaldu du gizartearen zahartze prozesua areagotzen ari bada ere, zaintza ez dagoela agenda soziopolitikoan lehen lerroan, “euskalgintza ez dagoen bezala! Bat egiten dugu horretan!”.

Jarraipenik ez

Eskisabelek azken boladan daukan kezka bat elkarbanatu du entzuleekin, hau da, euskalgintzak eraldaketa sozialaren begirada eta feminismoaren ekarpenak lantzerakoan ez ote dituen garai onenak eman, ez ote duen euskalgintzak ahaztu etengabe entzutea eskatzen duela: “Bide hori egintzat emana dugula uste dut”.

Ezkerretik eskuinera, Leire Goñi mahaia gidatzen, Elisa Peredo, Mariana Urcuyo eta Katia Reimberg. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Zer daukate zaintzaileek guri esateko? hizketaldia: Katia Reimberg, Elisa Peredo eta Mariana Urcuyo

Zaintza elkarte eta kooperatibetako kideek hartu dute hitza eta haien ikuspegia eman dute.

Katia Reimberg brasildarra da eta 20 urte daramatza Euskal Herrian. Bost urtez aritu zen etxeko langile egoiliar lanean. Gaur egun Bidez Bide elkarteko langileetako bat da. Berak euskararekin izan duen esperientzia kontatu du. Adibide moduan jarri du behin hizkuntza eskola ofizialera joan zela eta bertako langileak esan ziola ea zergatik ikasi nahi zuen euskara, “ez ezazu euskara ikasi!” aholkatu omen zion. Esan du 20 urte daramatzala euskara ikasten saiatzen eta jarraituko duela.

Hiru hizlariek, Reimbergek, Urcuyok eta Peredok, denbora gabezia aipatu dute euskara ikasteko eragozpenen zerrendan lehen postuan. Maitelan kooperatibako Elisa Peredok bere hitzartzea honela bukatu du: “Denbora da gure etsai nagusia”. Reimbergek egin du gogoeta: noiz ikasiko dugu? Ez da erraza, ez da lagunkoia, ez daukagu ikasteko denborarik. Bi ordu baditut libre, bi ordu horietan ikasiko dut euskara? Reimbergek sektore horretan lanean ari diren langileek euskara ikasi nahi dutela adierazi du, eta gehitu du ekintza askotatik kanpo gelditzen direla ez dakitelako euskara.

Hainbat eragozpen aipatu ditu. Euskara ikastera bultzatuko duen marketinik ez dagoela dio. Era berean, jabetuta daude lanpostu hobeak lor ditzaketela euskara jakinez gero, adibidez etxeko lanetik egoitzetarako jauzia eman ahal izango lukete. Ikastera joateko ezintasuna azaltzeko beste adibide bat jarri du: Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastaro soziosanitarioak antolatu zituen, derrigor egin beharrekoak, eta Reimbergek azpimarratu du “saltsa handia” izan zela ikastaro hura egin ahal izatea, “langileak lanean ari direlako, bizirauten ari direlako”. Bestelako egun eta ordutegiak antolatzea eskatu du, batez ere asteburuak, orduan baitaude libreago etxeko langileak. Hala eginez gero, ikastera askoz gehiago joango liratekeela uste du. Eskolak doakoak izatea ere eskatu du, baina berriz ere ikastaroen malgutasuna aldarrikatu du, langileek ordutegi zurrunak betetzeko arazoak dituzte, “libre daude orain goizez, hurrengo arratsaldez, hurrengo gauez…”.

Mariana Urcuyo: “Nola emango didate bada baimena euskara ikastera joateko?”

Mariana Urcuyo Trabajadoras no domesticadas elkarteko kidea da. Etxeko langileak biltzen ditu eta haien beharrei erantzuten eta haien eskubideak aldarrikatzen dituzte. Zehaztu du etxeko langileak profil askotakoak daudela. Dena den, oro har, azpimarratu du ezaugarri bereziak eta eragozpen zehatzak dituztela zaintzaren sektore prekarizatuan lanean ari direnek: Atzerritar Legea, errolda lortzeko komeriak, etxebizitza, arrazagatik diskriminazioa eta beste. Euskararekiko duten jarreraz galdetuta, horrela hasi da: “euskararekiko sentsibilitatea badaukagu, baina lan gehiegi egiten dugu eta gutxiegi ordaintzen digute”. Egoera horren ondorioz euskara ikastera joateko denbora hartzea oso zaila dela dio: “Etxeko nagusiarekin ez dago negoziaziorik eta nola emango didate bada baimena euskara ikastera joateko? Urcuyok dio, adibidez, langileak medikuarengana joateko eskubidea daukala, baina nagusia-langilea harreman horretan oso ohikoa dela horretarako ere baimena eskatzea. Pentsaezina egiten zaio euskara ikastera joateko baimena eskatzea.

Semeak zerbait irakasten diola esan du, baina ezin diola hori baino denbora gehiago eskaini. Ez du uste errespeturik eta onespenik ez diotenik euskarari: “Euskarak, gizartean, integrazioaren zati izan beharko luke”.

Urcuyok elkartean lanean ari direnak eta etxeko langileak bereiztu ditu. Aditzera eman du elkartean lana egiten dutenek, haien lanagatik eta dituzten harremanengatik euskalduntzeko beharra sentitzen dutela, haientzat balio handia daukala euskarak, bizi diren tokiaren parte dela. Alabaina, etxeko langileek bestela hautematen dute euskara: “Hesi bat da, zuek eta gu”. Langile batek esan omen zion nahiko lukeela euskara ikasi, bizi zen etxekoei ulertzeko zer esaten ari ziren berari buruz. “Langileak inspiratu eta animatu beharrean, urrundu egiten ditu”, dio Urcuyok.

Eta berriz ere denbora gabezia aipatu du hizlariak. Euskara lanorduetan ikastea proposatu du, “lan arriskuen ikastaroa lanorduetan egin duten bezala”. Euskara pribilegio moduan ikustetik zubi lana egingo duen tresnatzat hartzea proposatu du: “Guk beharra sentitu behar dugu, eta eman eta jaso egingo dugu”.

Elisa Peredo: “HABEk zergatik ez dizkigu orduak diruz laguntzen?”

Elisa Peredo Maitelan kooperatibako kidea da. Bere esperientziatik abiatu da. Erdi serio erdi txantxetan esan du euskal dantzetan izena eman zuela, euskara ikasteko asmoz. Dantzak ikasi omen ditu, baina euskara ez: “Gustatzen zait, baina ez daukat denborarik, eta etsigarria da”.

Maitelan kooperatiban hamabost langile dira eta haietako lau ari dira euskara ikasten. Euskaltegian ordutegi egokiak aurkitzeko zailtasunak dituzte. Peredoren ustez, langileentzako ordutegi onena eguerdikoa da eta zailtasunak izaten dituzte euskaltegiarekin eskolak hitzartzeko. Gertatu zaie taldea osatzerik eduki ez eta langileak beheragoko talde batean ikasten aritzea, berriz gauza bera ikasten. Bestalde, kooperatibaren ahalegin ekonomikoa azpimarratu du, langileek lanorduetan ikastearen kostua Maitelanek bere gain hartzen baitu, eta galdera hau egin du: “HABEk zergatik ez dizkigu orduak diruz laguntzen? Hala, jarraituko genuke lanorduetan euskara ikasten”.

Hizkeren arteko desberdintasunak ere mahai gainean jarri ditu. Euskaltegian euskara batua ikasten dutela eta kaleko “euskara itxia” ulertu ezinik ibiltzen direla. Haiengana euskaraz ez hurbiltzea ere aipatu du: “Ikusten dute ez garela hemengoak eta ez digute euskaraz egiten”.

Ezkerretik eskuinera, Leire Goñi mahaia gidatzen, Aize Otaño, Joxerra Olano, Xabier Lertxundi eta Aitziber Arnaiz. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Aize Otaño (AEK) eta Joxerra Olano (IKA). Helduen euskalduntze alfabetatzeak zer du eskaintzeko? Zer egokitzapen du egiteko?

Aize Otañok azaldu du zaintza eta euskararen gaian erantzukizuna partekatua dela, euskaltegiek badutela zeresana eta ematekoa. Zaintzan ere hizkuntza eskubideak bermatu behar direla adierazi du eta ezinbestekoa dela sektore hau euskalduntzea. Bi erronka nagusi azpimarratu ditu: doakotasuna eta hizkuntza ezagutzeko beharra sozializatzea.

Lanerako bi ardatz aipatu ditu: batetik, euskara ikasteko beharra sustatzea langileen artean, euskarara hurbiltzea eta ondoren hizkuntza gaitasuna eskuratzeko aukera eskaintzea. Bestetik, erabilerarako eremuak sortzea, bai langileentzat eta bai hartzaileentzat.

Garrantzi handia eman dio zaintza-zerbitzu hartzailearen nahiak eta beharrak asetzeari, eta lan horretan hizkuntza ere hor dagoela adierazi du: “Langileak erantzun egokia emateko gaitasuna badu konfiantza sortuko da, harreman gertuagokoa… Hartzailea erdigunean kokatzen da eta asebeteago egongo dira bere beharrak”.

Hizkuntzaren ikuspegitik sektorearen diagnostikorik ez dagoela azaldu du, ez dagoela hizkuntza politikarik eta helburuak adosteko diagnostikoa egin behar dela azpimarratu du.

Otañok sektore honetarako hartu beharreko hainbat neurri zerrendatu ditu:

-Lege babesa ematea.

-Ezagutzaren unibertsalizazioa. Bi motibazio mota landu beharko lirateke, pragmatikoa eta afektiboa. Lehenengoari dagokionez, garapen pertsonalerako eta profesionalerako balio erantsia dela ikusarazi beharko litzaieke, eta Otañok dio instituzioek politika publikoak garatu behar dituztela horretarako. Sektore prekarizatu horrentzako baliabide berezituak eskatu ditu. Motibazio afektiboa lantzeko sentsibilizazio estrategiak garatu behar direla dio, euskal kulturan murgiltzeko eta zubiak egiteko.

-Sektoreak diagnostikoa egin behar du eta horren araberako helburuak zehaztu.

-Hizkuntza politikako neurri zehatzak hartu, euskara ikasteko erabakia hartu dezaten edo aukera izan dezaten.

-Lanorduetan euskara ikasteko eskubidea aitortzea eta erraztea. Eta euskaltegira joateaz gain, ikasteak erabilera ez duelako bermatzen, trebakuntza planak eskaintzea, langileen artean eta langilearen eta zerbitzu-hartzailearen artean hizkuntza-ohiturak aldatu daitezen.

-Euskara planak egitea. Trebakuntza saioak langileen behar berezietara egokitutakoak, komunikazio harreman zehatz horietarako.

Joxerra Olano, IKA: “Zenbait tokitan funtzionarioek lanorduetan ikasteko aukera badute eta lantegi batzuetan ere bai”.

Olanok lau ardatzetan jarri du fokua. Lehenik eta behin, azaldu du hizkuntza politikak behar direla langileak euskara ikasteko beharraz jabetzeko, eta ondoren, Aize Otañok aipatutako bi motibazio motak lantzea proposatu du. Bigarrenik, eta etxeko langileen mahaian azpimarratu duten moduan, astiaren beharra aipatu du: “Sektore honetan eta beste sektore batzuetan ere, traba da denbora. Zenbait tokitan funtzionarioek lanorduetan ikasteko aukera badute eta lantegi batzuetan ere bai”. Hirugarrenik, ikastea doan izateaz aritu da. Bertako hizkuntza doan ikastea justiziazkoa dela dio, eta gehitu du urrun gaudela doakotasunetik, “nahiz eta urratsak ematen ari garen”. Gogorarazi du euskalduntze alfabetatzearen sektoreak Euskal Herri osorako proposamena egina duela. Laugarrenik, sektorerako egitura iraunkor eta egonkor bat eskatu du.

Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea: “Paperak denari eusten dio, baina praktikan ez da hala”

Ezer baino lehen, alkateak argitu du Udalak euskara hutsean egiten duela lan, langile guztiek egiten dutela euskaraz. Ondoren, zaintzaz hizketan hasita, baieztapen hau egin du: zaintza duina izango da norberak bere hizkuntzan jasotzeko aukera baldin badu.

Aipatu du etxez etxeko zerbitzua azpikontratatuta dutela, beste hainbat zerbitzu bezala, eta gaineratu du ordutan eta dirutan kalkulatuta oso sektore indartsua dela zaintza Udalarentzat. Euskara eta zaintza uztartzeko hainbat zailtasun kontatu ditu. Adibidez, subrogatutako langileen kasua aipatu du: “Enpresei esaten diegu euskara plana egin behar dutela, paperak denari eusten dio, baina praktikan ez da hala, gaur entzun ditugu langileak”. Jarraitu du esanez baldintza berdinak eskatzen dizkietela garbiketa langileei eta etxez etxekoei, “eta ordutegi oso desberdinak dituzte, emakumeak dira eta etxean ere kontziliatu behar izaten dute… praktikan oso-oso gutxi dira euskara ikastaroetan boluntarioki parte hartzen duten langileak. Agian lanorduetan jarri beharko dira eskolak”. Hori esanda, gogora ekarri ditu Maitelan zaintza kooperatibarekin egiten ari diren saiakerak. AEKren eskutik euskara-saioak dituzte prestatuta eta Elisa Peredok lehenago esan bezala lanorduetan ari dira langileak euskara ikasten. Hala ere, Hernaniko alkateak aipatu du, lanorduetan arituta ere, zailtasunak dituztela. Zaintzaileen lan gogorra aipatu du eta “gero ikasi beharra”. Sektorera egokitutako hizkuntza planak eskatu ditu. Gehitu du gai hau estrukturala dela eta ezin dela utzi udalen edo elkarteen esku: “Derrigortzearen aldekoa naiz, sistemak derrigortasuna ezarri behar du, baina baliabideak eman behar ditu. Erronka handia da”.

Aitziber Arnaiz, Oiartzungo Udaleko euskara teknikaria: “Goragoko erakundeek bestelako neurriak hartzea behar dugu, guk askotan petatxoak jartzen ditugu”

Teknikariak Oiartzungo argi-ilunak kontatu ditu. Etxez etxeko langileak langile publikoak dira eta denek bigarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta daukate. Udaleko langileen %10 baino gehiago dira.

Etxez etxekoaz gain, Zaintzadi zerbitzua daukate, bakardade ez hautatua lantzeko proiektua. Kontratazioak egin dituzte, euskara derrigorra da langileentzat, baina “hizkuntza irizpideak jartzen ditugu, baina praktikan zaila da. Erdaldunek ere parte hartzen dute eta egoera batzuetan, adibidez, kafe tertulietan itzulpenak ez du funtzionatzen”.

Herriko egoitza ere aipatu du. Petra Lekuona da, Matia Fundazioak kudeatzen duena. Matia erakunde handia dela dio, eta horrelakoekin hizkuntza irizpideak udaletik jartzera ez direla iristen, “udalaz gaindiko erakundeak behar ditugu”. Gehitu du egoitzan batek baino gehiagok eskatu duela euskaraz hiltzeko eskubidea. Argitu du Matiako langile guztiak ez direla euskaldunak, eta lan handia egin daitekeela haiekin.

Eguneko zentroaz egin du baloraziorik kaskarrena. Guztiz pribatua da eta harremana hoztuta dagoela esan du. Langile euskaldunak eta erdaldunak daudela dio, baina giroa oso erdalduna dela. Etxetik entzuten du eguneko zentroan jartzen duten musika, eta azaldu du, hizkuntzari ez erreparatzeaz gain, gizon eta emakumeen berdintasunaren ikuspegitik ere entzutekoak direla kantak.

Arnaizek bideo bat erakutsi die jardunaldiko entzuleei. Bi zaintzaile ageri dira, bata euskalduna eta bestea ez. Batak besteari euskara ikasten nola laguntzen dion kontatzen dute eta erdaldunak hizkuntza ikasteko gogoa erakusten du. Arnaizek etxeetan dauden zaintzaileak ekarri ditu gogora eta esan du Danielaren [bideoko langile erdalduna] sentimenduari eutsi behar zaiola, sentiberatze lana egin behar dela: “Ez dugu euskaraz egiten inork ez ulertzeko [Mariana Urcuyok lerro batzuk gorago esandakoari aipamena egin dio], euskaraz egiten dugu zoriontsuago garelako, euskaraz bizi nahi dugulako, eta nahi dugu herrira etorritakoak ere gurekin zoriontsu izatea”.

Azken oharra egin du Oiartzungo euskara teknikariak: “Esanguratsua da hemen bi udal gaudela, gorago jo behar dugu, goragoko erakundeek bestelako neurriak hartzea behar dugu, guk askotan petatxoak jartzen ditugu”.