argia.eus
INPRIMATU
Zaintza eta etxeko langileek beraien eskubideak aldarrikatu dituzte Bilbon
  • Mujeres del Mundu Babel, Ellacuria Fundazioa, Torre de Babel eta Trabajadoras No Domesticadas elkarteek deituta, elkarretaratzea egin dute asteazkenean Bilboko Moyua plazan. Beraien eskubideen aldeko aldarria egiteaz gain, 6777 emendakinaren kontra agertu dira.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 28a
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Espainiako Estatuko aurrekontuekin onartutako 6777 emendakinak kolektiboaren lan eskubideei dagokienez aurrerapausoak ematea oztopatzen duela salatu dute. “Beste behin ere, PPren gobernuak, EAJren babesarekin, zaintza eta etxeko lanetan jarduten duten langileei bizkarra eman die”, beraien hitzetan.

1620/2011 errege-dekretua indarrean denetik, nahiz eta lege erreformak zaintza eta etxeko langileak progresiboki erregimen orokorrean txartatzen joatea adostu, sinatutako akordua “behin eta berriz hautsi” dela salatu dute. Ordutik sei urte pasa diren honetan, beraien kotizazio sistema eta gizarte-segurantzaren erregimen orokorra parekatzea 2.024a arte atzera dutela azaldu dute, “lan-bazterketa beste bost urte gehiagoz jasan behar” dutela azpimarratuz.

Guzti honek langile bezala beraien eskubideak osotasunean erabiltzea ukatzen diela salatu dute, eta sektorea eta zaintza lan guztiak zeharkatzen dituen bidegabekeria, babesgabetasun eta ikusezintasun testuinguru batean kokatu dute arazoa.

“Lan eta lanpostu feminizatuak, emakume migratuen presentzia handiarekin eta pobretuak” direla jakinarazi dute. Eta lan hauei zein lan hauek egikaritzen dituzten langileei egungo gizarte “kapitalista eta patriarkalean” ematen zaien tokiaz kexatu dira. Honen aurrean, beste gizarte-eragile batzuekin aliantzak egitea ezinbestekotzat jo dute, “mugimendu feminista, kolektibo sozialak, sindikatuak, indar politikoak eta jendartea bere horretan” aipatuz.