Martxoaren 8aren harira Eustatek argitaratu berri dituen datuek berretsi dute emakumeen gain erortzen dela zaintza eta etxeko mantenu lan karga handiena.
Etxeko lanei dagokienez, hamar gizonetik bederatzik bi ordu edo gutxiago bideratzen ditu egunero horretara. Emakumeen kasuan, hamar emakumetik hiruk hiru ordu edo gehiago lan egiten ditu etxean.
Datuok badute eragina gogobetetasunean: bere bikotearen lan kargarekin oso asebeteta emakumeen %14,9 sentitzen den bitartean, gizonezkoen %70 sentitzen da hala.
Zaintza lanetan, berriz, soldatapeko lana eta 15 urte baino gutxiagoko pertsonak bere gain dituzten emakumeek 4,5 ordu bideratzen dituzte egunero horien zaintzara. Baldintza berak dituzten gizonezkoengan, datu hori 2,9 ordura jaisten da. Eustatek ohartarazi du datu horiek ez direla aldatu azken urteetan.
Mendekotasun “berezia” duten pertsonen zaintzan tartea murriztu egiten da, nahiz eta emakumeek lan gehiago egiten jarraitzen duten. Gizonezkoek 1,5 ordu egiten dituzte egunero, eta emakumezkoek 2,1.