argia.eus
INPRIMATU
Zaintza eskubidearen aldeko eta indarkerien aurkako aldarriek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak
  • Ipar Euskal Herrian greba feminista burutu dute M8an eta Hego Euskal Herrian mobilizazio jendetsuak egin dituzte hiri eta herrietan, arratsaldean. Azaroaren 30ean egin zen greba orokor feministaren bidean, Emakume Langileen Nazioarteko Egunean ere zaintza sistema aldatzeko mezuek hartu dituzte kaleak: publikoa eta komunitarioa izan behar duela aldarrikatu dute, eta manifestazioaren buruko pankartaren mezua herri askotan "zaintzarekin negoziorik ez"  edo horren antzekoa izan da.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko martxoaren 09a
Gasteizko manifestazioa. Argazkia: @steilas

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak martxoaren 8an eta hiru eremutan egin dute greba: soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan. Sindikatu guztiek bat egin dute mugimendu feministaren deialdiarekin eta egun osoan lanuztea eginik, arratsaldean Baionan manifestazioa egin dute. Aldarri andana entzunarazi dituzte, Jenofa Berhokoirigoinen kronikan irakur daitekeenez: soldata arrakalaren bukaera; zerbitzu publikoen babesa eta pribatizazioen bukaera; zaintzaren aitorpena eta banaketa justua; aborto eskubidea bermatzeko baldintzak; LGBTQI pertsonentzako aukera askatasun osoa; pertsona ezgaiztuen aurkako indarkeria sistemikoaren bukaera; indarkeria sexisten bukaera... Elkartasuna iparrorratz gisa jarriz, "bonbardaketa masiboen pean diren mundu mailako emakumeekilako" zein Frantziako Gobernuak bozkaturiko Immigrazio Lege arrazistaren mehatxupean diren papergabeei sostengua adierazi dute.

 

Sindikatuen elkarretaratzea, Baionako Herriko Etxearen aitzinean.
Hego Euskal Herrian zaintza sistema publikoaren aldeko aldarria nagusi

Zaintzarako eskubidea aldarrikatu dute milaka herritarrek kalean eta eskubide hori guztiontzako lortzeko "modu bakarra mobilizatzea" dela oroitarazi dute. Eusko Jaurlaritza lantzen ari den zaintza ituna ere izan dute hizpide, eta zaintza guztiontzako izan dadin bermeak eskatu dituzte: "Ez bada publiko izan beharraz hitz egiten, ez bada pribatizazioa bukatzeaz hitz egiten eta ez bada Atzerritartasun Legea deuseztatzeaz hitz egiten, ez goaz inora".

Hemen Ahotsak Iruñeko manifestazioa jasoz egin duen bideoa:

Hemen ikus daiteke hiriburuetako mobilizazioekin Hamaika Telebistak egindako bideoa:

Indarkeria anitzen aldarriak

Zaintza eskubideaz gain, toki bakoitzean indarkeriari lotutako bestelako gai eta arazo zehatzek ere izan dute isla, Berrian Maite Asensioren kronikak bildu duenez. Esaterako, Palestinan zapalduak eta herailak direnena (Villabonan, besteak beste), indarkeria matxista jasaten duten emakumeena (Baionan, besteak beste), trans eta ez-heteronormatiboek jasaten dutena (Donostian, besteak beste), prostitutek jasaten duten estigma eta infantilizatzea (Gasteizen, besteak beste), justizia feministaren aldeko aldarria (Iruñean, besteak beste), abortuaren aldeko aldarriak eta abortatzea oraindik estigmatizatua denaren salaketa (Baionan, besteak beste)...

Bilboko manifestazio burua. Argazkia: @steilas.

Villabonan polizia indarkeria salatu dute, gogora ekarriz Ertzaintzak azken asteetan sei pertsona zauritu dituela. Ertzaintzaren jokabidea indarrean den eredu maskulinoarekin bat datorrela salatu dute eta "mugimendu feministatik besarkada" helarazi diote Xuharri eta bere sendiari.

Villabonan polizia indarkeria ere salatu dute.

Kantu eta bertso bidez ere plazaratu ziren aldarriak:

Martxoaren 8ari buruzko hainbat irakurgai

Jarraian irakur dezakezue Euskal Herriko Mugimendu Feministako kidea den Jone Gil Landabururi Leire Artolak egindako elkarrizketa: "Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago".

Euskal Herriko Bilgune Feministaren adierazpena: "M8 dimentsio guztiak"

Lurre(z)ko haizpek publiko egin duten adierazpena irakur daiteke hemen eta  Miren Amurizaren ahotsean entzun daiteke hemen.

Donostian manifestazioa hasteko zain. Argazkia: Gari Garaialde.