argia.eus
INPRIMATU
Zaintza eskubidea aldarrikatuko dute sindikatuek ostegunean
  • Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.

Leire Artola Arin 2025eko martxoaren 05
Euskalerria Irratia

LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, zaintzari lotutako hiru eskaera nagusirekin: baldintzak duindu, negozioa amaitu eta sistema publiko-komunitarioa garatu. Maddi Isasi LABeko ordezkariak zehaztu digunez, A30eko greba feminista orokorraren ostean intersindikalak –mugimendu feministak ere parte hartzen du– erabaki du berriro ere zaintzaren gaia kalera eramatea, “Denon bizitzak erdigunera” dinamikaren baitan.

Bi arrazoi nagusi izan dituzte: “Batetik, berretsi nahi dugu zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan ekarpen sindikala egiten jarraitu behar dugula eta gaia lehentasunetara ekartzeko konpromisoa dugula. Bestetik, beharra ikusten dugu gaia agendan mantentzeko, eta M8aren testuinguruan mobilizazio indarra aktibatu nahi genuen”, argitu du Isasik.

Greba ostean sindikatuek jarraitu dute lanean herri akordioan adostutako puntu nagusiak negoziazio kolektiboetan txertatzeko, Isasik baieztatu digunez: “Sindikatu bakoitza bere eremuan eta norbere gaitasunarekin ari da lanean, enpresaz enpresa aldarrikapen horiek sartzen saiatzen. Baina esango nuke nahiko jarrera itxia topatu dugula patronalaren eta instituzioen partetik oro har”. Ziurtatu du toki batzuetan lortu dutela aldarrikapen batzuk sartzea, baina zenbaitetan patronalak euren eskaerak gutxietsi egin dituela salatu du. Aldarri horiek patronalek onartzeko, lehenik langileen artean ere pedagogia egin behar dela gogorarazi du, eta bide horretatik antolatu dituzte M6ko mobilizazioak.