argia.eus
INPRIMATU
Zaintza eskubide unibertsal gisa aitortzea eskatu du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak
  • Egungo zaintza sistema “sostengaezina" amaitzea eta denon bizitzak erdigunean jartzea aldarrikatu dute Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat sektore eta eragilek. Datorren azaroaren 30eko greba orokorrera batzeko deia ere egin dute.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 09a
Herri Akordioaren aurkezpena, Hernanin. // Argazkia: Denon Bizitzak Erdigunean

Herri akordioa aurkeztu dute Hernanin Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat sektore eta eragiletako hamarnaka lagunek. Zaintzarako eskubide kolektiboaren defentsan aurkeztu dute akordioa, eta zaintza sistema publiko-komunitario bat aldarrikatu dute Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko kideek. Bestalde, egungo zaintza erregimen “sostengaezinaren” irakurketa bat egin dute. “Bizimodu duina” eraikitzeko oinarria zaintza dela azpimarratu dute kideek. Halaber, bizitza, ongizatea eta osasuna kudeatzeko “beharrezkoa” dela nabarmendu dute: “Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da”.

Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dute: “Pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu”. Bestalde, zaintza lanen egungo antolamendu soziala ere eraldatu nahi dute egoera prekario eta kolapsatuei aurre eginda. Horrez gain, epe luzera bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat definitu nahi dute: “Sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu nahi ditugu”.

Euskal instituzioetatik “sistematikoki” zaintza-zerbitzu guztiak pribatizatu direla adierazi dute aurkezpenean: “Enpresa lagunen eskuetan jartzen dira, zaintza jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura”. Bestalde, politika horiek familia heteropatriarkala “erdigunean” jartzen dutela salatu dute. “Zaintza lanak emakumeen gain jartzen dira, eta sarritan emakume migratu arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita”, aipatu dute.

Herri akordioa Euskal Herriko Mugimendu Feminista eta hainbat eragile josten ari diren “prozesuaren isla” dela aitortu dute, Greba Feminista Orokorrarekin bat eginez. Datorren azaroaren 30ean grebara batzeko deia egin dute, denon bizitzak “erdigunean jartzeko prozesuari” ekingo diotelako.

Epe laburrera eta luzera haien lehentasunak zehaztu dituzte, esaterako, epe motzera zehaztu dute etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu eta garatzea, erroldatzeko eskubidea denontzat eskuragarri izatea eta etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea. Epe luzera, besteak beste, lehenetsi dute lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea, herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzea eta zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea.