argia.eus
INPRIMATU
“Zaintza, erdigunean”: tiro, pun

Maru 2024ko abuztuaren 21a

Hauteskundeak baino lehen denen ahotan zebilen leloa izan zen: "Zaintza erdigunean jarri behar dugu". Alde batera utzita politikariek eta politikari-izaera dutenek asmatzen dituzten esaera bitxi eta okerrak, onartu behar dut bolada batez bederen gaia puri-purian izan zela. Bai alderdiak, bai hainbat elkarte zaintzari garrantzia gehiago eman behar zitzaiola aldarrikatzen aritu ziren.

Hauteskundeak igaro ziren eta, beti bezala, zaintza bidezko gauza ez beteen "lurraldera" igaro zen; nik uste dut linbo moduko bat izan behar duela, eta gainezka egon behar du, mugagabea ez bada, behintzat.

Nik politikari guztiek hori egitea politikaren gauza normaltzat hartu dut; demokrazia ustelen osagaia: hauteskundeetan milaka gauza agintzen dituzte, gero bat ere ez betetzeko. Zoritxarrez, jende askok orain onartzen du adar jotze hori; izan ere, horri esker diraute alderdiek. "Gezurrik gabe, demokraziarik ez", aspaldiko leloa aldaturik. Bego.

Beste gauza bat eta ulertu ezin dudana (baina aurrekoa bezala ontzat hartu beharko dudana) da egun zaintzaren inguruan dauden elkarteen isiltasuna. Ez bada bakarrik hauteskunde-garaia jotzen dutela aldarrikapenak egiteko une egokitzat, ezin uler eta onar dezaket jarrera hori. Norbaitek azaldu behar du zein den arrazoia, taxuzko arrazoirik bada.

Kontua hau da: zaintza (arlo publikoan zaintzaren egoera kaxkarra) hauteskundeak baino lehen bezain garrantzitsua dela, gabezia izugarria dela eta izaten jarraitzen duela. Erakundeek (alderdiek, beraz) aspaldi utzi zioten jendearen benetako beharretan sosik (gehiago) gastatzeari (inbertitzeari). Zaintzaren kasuan, horrek hau dakar: adinekoek eta haien familiek ezin dute ezer jaso (ez dute ezer jasotzen) jotzen dituzten gabezia, aje eta gaixotasunei ahal den neurrian aurre egiteko edo, bederen, haiek jota egonda, babes eta zaintza egokia jasotzeko. Denek aho betean esaten zuten bezala, guztion eskubidea da; ez da erakundeek (alderdiek) eskuzabalak direlako ematen duten zerbitzua. Adinekoek eta haien familiek eskatzen dizkieten milaka paper, hitzordu, eskakizun bete ondoren (eta horretan xahutzen duten denbora), ezetza jasotzen dute. Ematen du dagoen dirua zerbitzu horietan aritzen diren milaka zerari soldata ordaintzen ahitzen dela. A, baita hainbat iragarki gezurtitan ere.

Adinekoek eta haien familiek zaintzaren beharra dutenez gero, aukera bakarra daukate: arlo pribatuari jotzea eta horrek eskatzen duen dirutza gastatzea. Aukera hori ibai baten sorreraren modukoa da. Hau da, euriak botatako ur guztiak ibai batera doaz, ezinbestean, eta horrela ibaia handitzen eta handitzen da, emaria ugariagoa izaten ohi du. Metaforan aipaturiko "emaria" arlo publikotik arlo pribatura doan (bidaltzen duten) dirutza da. Ea nork esaten didan hori gezurra dela. Gezurra dela politikoek arlo publikoa gosez hiltzen uztea erabaki dutela arlo pribatua (haien eremu berdaderoa) gizentzeko.

Horren aurkako salaketak ugariak dira, jende askok uste baitu arestian aipaturikoa egia dela.

Baina —eta lege politikoa bihurtu beharko dugu— hauteskundeak igarota denak isiltzen dira, arazoak bere horretan jarraitzen duen arren ez baita jada garai egokia ezer eskatzeko eta, are gutxiago, eskuratzeko.

Horrela, gure isiltasunez, ibai pribatuaren emaria handitzen eta handitzen da.

Horrela, politikariek politikari izateari uztean, ibai pribatu horren emarian egiten dute arrantza. Oparoa, alajaina!

Bukatzeko, bi pertsonaren egoeraren makurra argi eta garbi agertzen dutenak.

Emakume atzerritar bat ospitalean dago. Ospitaletik ateratzen denean, ez dauka nora jo. Kalean lehen urratsa emanda, guztiz babesgabe dago; ez dauka ezer. Nork lagunduko ote dio? Nork lagunduko ote dio laguntza eskatzen eta lortzen?

Adineko batek besaulki batean eserita ematen du bizitza, baina, gaixotasunik ez omen daukanez gero, ez dauka laguntzarik jasotzeko aukerarik. Paper mordoa beteta, hau izan du erantzuna: gaixorik dagoela aitortzen duen agiri nahikorik (hainbat gaixotasunek jota dago-eta) aurkeztu ez duenez gero eta dagoen diru apurra ondo erabiltzen dela ziurtatzeko, bakarrik derrigor eman behar dioten gutxieneko (benetan gutxieneko) laguntza baizik ezin du jaso.

Bi kasuetan, ikaskizuna bera da: hor konpon, Marianton!

Bietan egoera bera da; haren aurka zerbait egin eta (batez ere) ez eginda, emaitza bera da, politikari liberal (hori ere metaforaren desegokia!) ahoberoek nahi dutena egiten dutela baimena ematen diegulako. Salaketa egiteko eta ozenki salatzeko garaiak (eta ezgaraiak) omen daudelako.

Gure burua zuritzea eta lasaiago bizitzeko aukera ematea beste baliorik ez dutenak.

Maru