argia.eus
INPRIMATU
Zaildutako azala behar du!
  • Silizio mineralak landarearen gainazalean geruza gogor bat osatzen du, gaitzen sartzea galaraziz. Azeribuztanak eta asunak silizio ugari dute eta gero eta gehiago erabiltzen dira landareen azala indartzeko.

Jakoba Errekondo 2022ko apirilaren 07a

Izerdialdi berriak landareak piztu eta suspertzen dituen moduan, gu geu ere beste nor gara uda atari honetan. Tenperaturaren igoaldia eta egun argia gaua baino luzeagoa izatea ez dira alferrik gure azalaren sentikortasunak azkarren antzematen dituenetako eraginak; hasteko, horiek berak larruazal gehiago erakustera hertsatzen digutelako...

Ekosistema osoa mugitzen dute horrelako aldaketek. Argiak, tenperaturak, ur aukerak eta abarrek denongan dute eragiten. Zikloei ekiteko edo amaitzen hasteko seinale adierazgarriak dira. Udazaleak direnek orain hostaje berria eman, loraldia prestatu eta fruituak eta haziak eman behar dituztenerako jakiak metatuko dituzte. Neguzaleek bero hauekin sasoia amaituko dute, hostajea ihartu edo bere horretan eutsi eta fruituak eta haziak barreiatu. Gure inguruko landare gehienak udazaleak direnez, oraintxe bizitzen ari gara sasoi berrirako piztualdia, bizitzeko grina suspertzen da eta zaigu.

Landareen berpizkundearekin batera beraiekin bizi diren guztiak ere biziberrituko dira. Adibidez, landare horiek janaz bizi diren animalia belarjaleak. Baita sustraiak, hostoak, azalak eta abar jaten dizkieten intsektu eta abarreko izurriteak ere. Jaki aukera handia izango da orain, eta gehienak orain umatu eta ugalduko dira. Animalia horiek jango dituzten beste animaliak ere gozo ibiliko dira: harrak jango dituzten txoriak, sataginetan egingo duten urubiak, sitsak ehizatuko dituzten saguxarrak eta abar.

Landareen iratzarraren zain badira beste isilagoko eta ezkutuagoko batzuk ere. Landare horiei erasoko dieten gaitzak. Negua nola-hala igaroko zuten aterperen batean edo landarearen soinean bertan, eta landareekin batera beraiek ere harrotzen dira. Kimu berriak edota loreak sortzeko begiak irekiko dituzte, eta irekiera hori baliatuko dute gaitz batzuek landarearen barrunbeetara sartzeko. Mertxikondo edo muxikondoari (Prunus persica) erasotzen dion lepraren gaitzak (Taphrina deformans), adibidez, taktika hori erabiltzen du.

Beste gaitz batzuk lasaiago ibiliko dira. Erasoa hobeto prestatzeko denbora hartzen dute. Landareak uda etorri aurretik eguna luzatzen ari den sasoia amaitu arte luzatuko dituen kimu berriak zainduko dituzte gehienek, eta samur, gori, gozo sumatzen dituztenean eraso eta joko dituzte. Azal mehea edo zauritua igaro eta sartuko dira. Landarezainaren lan nagusia sarrera hori oztopatzea izango da. Horretarako lagun ezin hobea dugu silizioa. Silizio mineralak landarearen gainazalean geruza gogor eta gotor bat osatzen du, gaitzen sartzea galaraziz eta uxatuz. Asunak (Urtica dioica) eta azeribuztanak (Equisetum telmateia) silizio ugari dute, eta bere urak edo mindak gero eta gehiago erabiltzen dira landareen azala indartzeko eta landareak bere kaxa gaitzei aurre egiteko gai izan daitezen. Zaildutako azala, gaitza dakarren onddoarentzako zaila.