Jende zaharrenek etsi beharko dute isolamenduan hilabete luzeagoz jarraitzera, behar bada urte amaiera arte. Hori esan dio Bild egunkari alemanari Europako Batzordeko lehendakari Ursula von der Leyenek. "Txertorik eduki ezean, jende adinekoekiko kontaktuak ahalik eta gehien mugatu behar ditugu", esan du.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak Bild egunkari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, baliteke jende zaharrenaren konfinamendua urte amaiera arte luzatzea, koronabirus berriarengandik babesteko modu bakarra hori delakoan, Covid-19aren kontrako txertoa lortu bitartean bederen.
"Badakit zaila dela –esan du Von der Leyenek– eta isolamendua zama bat dela, baina hil ala biziko kontua da. Diziplina eta pazientzia eduki behar ditugu. (...) Haurrek eta gazteek mugitzeko askatasun handiagoa edukiko dute, adinekoek eta lehendik gaixotasunak zekarzkitekek baino". Adinekoen artean bereziki nabarmendu zituen zahar-etxeetakoak, kutsaduretatik gehien babestu beharrezkotzat.
Urte amaierarako txertoa lortzeaz gain herritarrei ezarri ahal izateko itxaropena adierazi du Europako Batzordeko lehendakariak: "Herritarrek txertoa azkar hartu ahal izatea bermatzeko, dagoeneko elkarrizketan ari gara botiken mundu mailako ekoizleekin".