argia.eus
INPRIMATU
Zaharren egoitzetan bizi direnen bakardadea murrizteko proiektua jarri dute martxan Nafarroan
  • Nafarroako zaharren egoitzen Lares elkarteak eta Familiados enpresak “Bakardadea Proiektua” jarri du martxan, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren finantzazioarekin, egoitzetako biztanleen bakardadeari aurre egiteko.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 05

COVID-19aren pandemiak areagotutako krisia baino lehen pentsatutako proiektua da. Nahiz eta zaharren egoitzak gogorki kolpatu dituen pandemiak (horietan eragin du hildako gehien), zaharren egoitzetan bizi diren adinekoen bakardadea arazo larria da lehenagotik ere.

“Bakardadea Proiektuaren” lehen froga Tafallako San Manuel y San Severino egoitzan egin dute, hiru hilabetez. Bederatzi egoiliarrek izan dute, astean bi egunez, Familiados enpresako langileen laguntza. Proiektuan lanean ari den Nuria Carcavilla psikologoak dioenez, laguntzailearen eta egoiliarraren arteko elkar-ezagutzaren bidez, proiektuak irauten duen bitartean egingo dituzten jarduerak finkatzen dira. Askotariko jarduerak dira, baina batez ere komunikazioari eta harremanei lotuak.

Proiektuaren gida praktiko bat sortu eta ekimen hau beste zentro batzuetara zabaltzea da asmoa. Oraingoz hainbat egoitza eta 18 egoiliarrek parte hartuko dute. Nafarroako Gobernuak 62.000 euroko laguntza eman dio egitasmoari.