Pentsionistek mobilizazioak egin dituzte hiriburu eta herrietan astelehenean. Hildako adineko pertsonak gogoratu dituzte. Gizarte gastuetan eta pentsioetan murrizketarik ez dutela onartuko adierazi dute.
Konfinamendu aurreko dinamika berrartuz, hiriburuetan ez ezik dozenaka herritan ere egin dituzte mobilizazioak, segurtasun neurriek eta osasun krisiak baldintzatuta bada ere. Zaharren egoitzetako baldintzak eta heriotzak oso presente egon dira mobilizazioetan. Aurreko astean jakin zen maiatzetik 1.912 pentsionista gutxiago daudela EAEn, pandemiaren ondorioz.
Gasteizen Arabako Pentsionistak Lanean deituta batu dira plaza berrian 200 pertsona inguru. Hurrengo egunetan Arartekoan eta Fiskaltzan idatziak aurkeztuko dituela jakinarazi du Arabako pentsionisten elkarteak. Zaharren egoitzak ikertu ditzala eskatuko diete bi erakundeei.
Donostiako deialdiaren leloa “Adineko mendekoak etxean eta egoitzetan, bizitza eta duintasuna” izan da. Bilbon, Andrea Uña bozeramaleak azaldu du oraindik ez dagoela nahikoa informazio zaharren egoitzetan gertatzen ari denaz. Osasun Sailburu Nekane Murgari, Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabali eta Ahaldun Nagusi Unai Rementeriari gutun bidez datuak eskatu diete Bizkaiko pentsionistek, ez dute erantzunik jaso baina jaso arte ez dutela etsiko adierazi du Uñak.
Murrizketarik ez
Datorren krisi ekonomikoan pentsioak ez direla bideragarriak izango dioten ahotsez ohartarazi du Uñak. Errekurtsoak egon badaudela eta ez dutela murrizketarik onartuko adierazi du: “Ez dugu onartuko beti berdinak izatea kaltetuak eta arlo publikoan murriztea, bai osasunean, bai pentsioetan”. Kontrara, egoitzetan edo etxez etxeko arretan inbertsioak handitzea eskatu dute Bizkaiko pentsionistek, eta hori dena aldarrikatzeko kalean jarraituko dutela ziurtatu dute.