argia.eus
INPRIMATU
‘Zaharrean berri’: Bilboko Alde Zaharreko jaiak eta kartela aurkeztu dituzte
  • Irune Usunagak egindako kartela izango da maiatzaren 27an eta 28an ospatuko diren Bilboko Alde Zaharreko jaietako irudia. Egitaraua pixkanaka joango dira iragartzen eta jai batzordeak hainbat berrikuntza egongo direla hitzeman du.

Uriola.eus @uriolaeus 2022ko maiatzaren 12a
Argazkia: Zaharrean Berri

Maiatzaren 27an eta 28an Bilboko Alde Zaharreko jaiak ospatuko dira eta ostiralean jaien kartela aurkeztu zuten. Aurten lehen aldiz egin dute kartela aukeratzeko lehiaketa eta Irune Sunsunaga izan da irabazle. "Zaharrean berri" lelopean txokolatada eta jaien aurkezpena egin zuten auzokideek.

Jai batzordeak adierazi duen moduan jaiak "komunitate bateko adierazpen sinboliko nagusia dira; komunitate batek duen adierazpenik naturalena". Alde Zaharrak dituen berezitasunak alde batera utzita, auzo bat direla azaleratu nahi dute auzokideek eta horretarako ezinbestekoak dituzte jaietan ospatzen diren herri-bazkariak, kontzertuak, edo txosnetan trago bat hartzea. 

Bilbon makro-ekitaldi bat egitea jaiak egitea baino errazagoa dela kritikatu duten arren, argi utzi dute jaiak ospatuko dituztela: "Kaleek kolore bana hartuko dute eta auzoa poz kolektibo batean lehertuko zaigu".

Oraindik ez dute kartela argitaratu, baina gaurtik eta jaiak hasi bitartean ekintzak, proposamenak eta ekimenak iragartzen joango dira. Baita ordutegiak eta tokiak ere. Kartela betetzen joango dira hurrengo asteetan, baina orain arte aurreratu dutenaren arabera, ez dira faltako Alde Izarrak "talent show"-a, ur-zezenen entzierroa, paella lehiaketa, bazkaria, auzo olinpiadak... Guztia aurrera eramateko jendearen laguntza eskatu dute. "Oraingoz, prestatu zuen koreografiak eta sukaldatzeko tresnak! Beharko dituzue eta!", adierazi du jai batzordeak.