Ez da giro feministen artean. Azken urteetan mugimenduaren barrenean eztabaida biziak piztu eta hautsak harrotu dira. Korronte ezberdinen arteko talkek ertz ugari dituzte; trans auziarekin hasi, pornografiaren zein prostituzioaren aboliziorekin segi eta emakume subjektuaren izaera interklasistarekin buka. Hainbestekoa da liskarra emakumetasuna bera ere auzitan jarri dela, eta ondorioz, feminismoaren subjektu askatzailearen izaera.
Alabaina, ez da mugimendu feministan zatiketak gertatu diren lehen aldia. Bigarren olatuko feminismoaren aparrek Ipar Euskal Herriko kostaldea jo zuten lehenik, han sortu baitziren Euskal Herriko lehendabiziko elkarte feministak, 1960ko eta 1970eko hamarkaden mugan. Hegoaldean, diktaduraren ondorioz, beranduxeagora arte itxoin izan behar genuen.
Garaiko mugimendu feministan bi korronte nagusi zeuden: feminismo erradikala eta feminismo sozialista. Erradikalen ustez patriarkatua mendekotasun-egoera ahalbidetzen zuen sistema politikoa zen. Korronte honek ondorioztatu zuen gizarteko gatazka nagusia generoen arteko talka zela. Emakumeen eta gizonen arteko harremanak klase borrokarekin parekatzen zituzten eta uste zuten gizonak zirela emakumeak menderatzen zituen sexu-klase menderatzailea. Korronte honen parte batek, halaber, ezberdintasunaren feminismoaren alde egiten zuen, hots, emakumeen askapena bilatzen zuten balore femeninoen aitorpenaren bidez, baina gizonekin parekatu gabe. Feminismo sozialistak, aldiz, ondorioztatu zuen sistema menderatzailearen jatorria kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko harremanean zegoela. Emakumeen askapena sozialismoaren aldeko borrokaren barrenean txertatzen zuten, eta oro har, berdintasunaren feminismoaren aldekoak ziren.
Bi korronteen arteko auzi garrantzitsuena militantzia ereduaren ingurukoa izan zen. Sozialistak militantzia bikoitzaren aldekoak ziren; izan ere alderdi eta sindikatuetan jarrera matxista ugari zegoela aitortu arren, horietan ere parte hartu behar zutela uste zuten, Emakumearen askapena langile klase osoak kapitalismoa suntsitzeko egin beharreko iraultzarekin lotzen zuten. Erradikalak, aldiz, militantzia bakarraren —hau da, soilik mugimendu feministan militatzearen— aldekoak ziren, sindikatuetan eta alderdietan borrokatzea interes maskulinoen alde aritzea zela zeritzoten eta.
Eztabaida hori Leioan islatu zen lehen aldiz, 1977an egin ziren Euskal Herriko I. Topaketa feministetan. Bi korronteak aurrez aurre aritu ziren eta eztabaida oso bizia izan zen. Baina gatazkaren gorena 1979ko Granadako (Espainia) topaketetan lehertu zen: oihu eta irain larriak izan ziren. Askok aretoa utzi eta alde egin zuten, tartean Hego Euskal Herritik joandako hainbat feministak.
Liskarrak liskar eta zatiketak zatiketa, argi dago feminismoa eta emakumeen askapenaren aldekoa izan dela Aro Garaikideko gizarte mugimendu garrantzitsuenetako bat. Bere borrokak gizarte hobe eta justuagoaren aldeko bidea ireki digu. Hala jarrai beza!