argia.eus
INPRIMATU
Zaharkitzapen programatua zigortzea erabaki du Frantziak
  • Frantziako Diputatuen Ganberak adostu du zigor penalak jarriko dizkietela produktuak iraupen-muga jakin batekin fabrikatzen dituztenei. Zaharkitzapen programatuaren zigorra, bi urteko kartzela eta 30.000 euro arteko isuna izan daiteke Ecoportal webguneak argitaratu duenez.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 14a

Gaur egun, zaharkitzapen programatuaren erabilera oso ohikoa da, bereziki, gailu elektronikoetan. Lege hau, berdeen ekimenetik jaio da eta haien hitzetan, zaharkitzapen programatua "iruzurra" da.

Eztabaidak Frantziako mugak pasa ditu; Europako Batzorde Sozial eta Ekonomikoak mahai inguru bat egingo du urriaren 17an Europako gainerako herrialdeek ere zaharkitzapen programatua zigortu dezaten.

Europako hainbat tokitan hasi dira neurriak hartzen iraungitze-data aldez aurretik erabakita duten gailuen fenomenoari aurre egiteko. Besteak beste, garantiaren epeak luzatzea, erosketaren ordez alokairua sustatzea eta ordezko piezak eskatzea dira hartutako neurrietako batzuk.

Informazio gehiago

Cosima Dannoritzerrek zaharkitzapen programatuari buruzko dokumental ezaguna egin zuen: Comprar, tirar, comprar gaztelaniaz edo Prêt à jeter frantsesez. Bertan argi erakusten du zaharkitzapen programatua oso errotuta dagoela egungo gizartean. Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak elkarrizketa egin zion 2.271. alean.