argia.eus
INPRIMATU
Zahar etxeetan ez dute ‘normaltasunera’ itzuli nahi
  • Birusa sartu da zahar egoitzetan eta bazterrak hankaz gora jarri ditu. Latzago esanda, hamarnaka hildako eragin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Langileak, sindikatuetako arduradunak, senideak eta pentsionisten mugimendua deiadarka entzun ditugu, administrazio publikoei esku hartzeko eskatzen. Badakigun hori guztia eskatzen zuten: osasun krisiari aurre egiteko protokoloak, COVID-19tik babesteko neurriak, langile gehiago. Haserre, triste eta inpotentzia sentsazio handiz bizi izan dute eta oraindik bizi dute adinekoen abandonua.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2020ko uztailaren 07a
Ekainaren 22an, Babestu elkartea zaintza duina eta kalitatezkoa eskatzen Bilboko kaleetan. Argazkia: Babestu elkartea.

Hiru Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza jarri dituzte jomugan. Daukaten ardura maila eta izan duten parte-hartzea ez dira maila berekoak izan, inondik ere. Informazioa tantaka jaso dute, umeak bezala tratatuak sentitu dira, kudeaketa egokia egiten ari direla entzun dute behin eta berriz agintari politikoen ahoetatik.

Bateren batek pentsa dezake pandemia aurreko ‘normaltasunera’ itzultzeko irrikaz daudela. Ez, ordea. Pandemian gertatu dena leherketa gisa definitu dute lehen aipatu ditugun eragileek eta adinekoen familiakoek. Martxoaren 14a arte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako egoitzetan gertatzen zena agerian uzteko balio izan du pandemiaren kudeaketak.

Ez da kasualitatea azken bost urteotan lurralde bakoitzean zahar etxeetako erabiltzaileen senideen elkarte bana sortu izana (Babestu Araba, Babestu Bizkaia eta Gipuzkoako Senideak). Ez da kasualitatea Bizkaiko egoitzetan 2016-2017an 378 egun iraungo zituen greba egitea. Ez da kasualitatea Gipuzkoan 2019ko martxoan greba abiarazi izana. Ia 150 egunen ondoren eten da pandemiaren eraginez. Ziurrenik, historia honetako kasualitate bakarra legegintzaldiaren bukaerak osasun krisi larriarekin bat egin izana da. Beste kontu bat da faktura pasako dion ala ez.

Ez dute udaberri aurreko egoerara itzuli nahi, badakitelako gobernariek zein errezeta duten zaintza sistema antolatzeko. Mugimendu feministak hainbeste aldiz eta hain ondo azaldu duen bizitza erdigunean jartzeak zer esan nahi duen ikasteko aukera paregabea izan dugu osasun krisian. Agintari politikoek, hartutako neurrien eta hartu ez dituztenen bidez, erakutsi digute haiek ez dutela lezioa ikasi, edo hobe esanda, ez dutela lezioa ikasi nahi. Ardura foru aldundiena eta Eusko Jaurlaritzarena izan arren, hiru lurraldeetan, gero eta zahar egoitza gehiago enpresa pribatuen esku daude. Etorkizun handiko negozio iturri mamitsu eta segurua da. Zaintza merkantilizatua, erakunde publikoek hala onartua.

Ez, ez dute aurreko ‘normaltasunera’ itzuli nahi, kanibalak (enpresa pribatuei hala deitzen diete senide eta langile batzuek) langileen lan baldintzak estutzen ari direlako eta egoiliarrei egunean zenbat gaileta jaten dituzten kontrolatzen dietelako. Bitartean, diru publikoa eskuan dutela, erakunde publikoek esku zabalik hartu dituzte funts putreok.