Urtean zehar duten egoera neurrigabea eta eramanezina dela esan du eta udan are okerrago dabiltzala erizainak. Bizkaiko zahar-etxe handienak ere larri dabiltza.
Udan erizainek oporrak hartzen dituzte eta haien lanpostuak ordezkatzea nekeza egiten zaie, eskaintzen dituzten kontratuak oso kaskarrak eta urriak izaten direlako. Zaharren zaintzaren kalitatean eragina duela dio sindikatuak.
Satsek dioenez, uda honetan lurraldeko zahar-egoitza handienei ere eragin die lan baldintza kaskarrek. Aspaldiko eta Fundación Miranda dira horietako bi. Sindikatuaren arabera, udan urtean zehar baino %30-%50 erizain gutxiago daude.
Sindikatuak uste du bi arrazoi daudela erizainak baldintza horietan lanean aritzeko, batetik, ardura duten administrazioek langile gutxi kontratatzen dutelako, eta bestetik, lan baldintzak negargarriak direlako.
Satsek EAEko gobernuari baliabide ekonomiko eta material gehiago izatea lehenestea eskatu dio eta horiek modu eraginkorrean erabiltzea.
Gero eta gizarte zaharragoa
Bi datu eskaini ditu Espainiako Estatuan hedatua dagoen Satse sindikatuak gizartearen zahartzea adierazteko. Espainiako Estatuan batez besteko bizi itxaropena 83 urtekoa da. Europan lehen postuan dago eta munduan Japonia baino ez du aurretik. Satseren ustez, halako bizi itxaropena izan arren administrazioek zaintza beharrei ez diete erantzuten. Bigarren datua: 2050ean Espainiako Estatuko populazioaren %40k 65 urte baino gehiago izango ditu. %15ak 80 urte baino gehiago izango ditu.