Atzo Matti Txintxurretak aurreratu bezala, ostegun goizean ekin diote jendarmeek Naoned-Nantes inguruko ZADa hustutzeko bigarren erasoari, agintariek iragarri dutenez bihar amaitu nahi duten operazioari.
Emmanuel Macronen gobernuak Naoned-Nantes inguruetan urtez luzez saiatutako aireportu berri handiari uko egitea izan da denbora luze honetan Defenditu Beharreko Gune hau (Zone A Defendre, ZAD) sortu, landu eta babestu dutenen garaipena. Ordaina izan da bertan eraikitako etxalde guztiak hustu eta desegiteko eman zuela gobernuak. Apirilean egin zuten 2.500 jendarmek lehenbiziko saioa, aurrean aurkituz erresistentzia tematia.
Aste labur batzuetako hala moduzko su-eten baten ostean dator oraingo bigarrena. Egun horietan gobernuak ZADeko okupatzaileei eskaini die irtenbide malkartsu bat: alde batetik, aireportua egiteko desjabetzea onartu ez zuten baserritar historikoei onartuko zien bertan segitzeko eskubidea eta geroztik etorritako beste guztiek nork bere proiektua aurkeztu beharko zuen egun oso gutxiko tartean. Hauetako gehienak saiatu dira proiektuak aurkezten baina badira irtenbide hori tranpatzat jo eta bertan segitzea deliberatu dutenak. Horien etxaldeak hustu eta suntsitzera sartu da ostegun goizean berriro ere 1.700 jendarmez osatutako oldea.
Lehen erasoaldian baino erresistentzia ahulagoa aurkitu dute militarrek beren aurrean. Aldiz, aurrekoan erabilitako munizio oso bortitza ari dira orduotan ere usatzen: ke negar-eraileez gain leherkaria daramaten granada durduzagarriak eta beste. Gizarte mugimendu asko ari dira agintariei eskatzen erasoa geldi dezaten eta hustu nahi dituzten hamar etxaldeetako biztanleei beren proiektuekin aurrera jarraitzen utz diezaieten.