Pertsona bat larri zauritu dute asteartean Notre-Damde-des-Landeseko ZADean, jendarmeek erabilitako granaden erruz.
Reporterrek informatu duenez, ZAD gunea defendatzen ari zirenek aurre egin diete jendarmeei, hauek guneko eraikinak botatzeko lanak babesten ari zirenean. Jendarmeek granadak jaurtiz erantzun diete zadistei eta 30 urteko gizon batek granada horietako bat jaso du, lehertu egin zaio eta eskua galdu du.
Philippe Marestin jendarmeriako teniente-koronelak zenbait zehaztapen eman dizkio Reporterreri. Azaldu duenez, 50 bat lagunek indarkeriaz egin diete aurre. Molotov koktelak jaurti dizkietela esan du, baita “zenbait jaurgitai” ere. Horren aurrean jendarmeek negar egiteko gasak bota dituztela adierazi du, horretarako GLI-F4 motako granadak erabiliz. Marestinen arabera, granada horietako bat izan da eskuan lehertu zaiona.
Zauritutako pertsona azkar eraman dute Nanteseko ospitalera. Gertakariei buruzko inkesta martxan da, jendarmeriako bozeramaileak aditzera eman duenez.
Arratsaldean, ZADeko talde medikuak agiri bat publikatu du, esanez gertakaria deitoratzen dutela, baina ez daudela harrituta. “Dagoeneko 300 zauritu baino gehiago artatu behar izan ditugu azken asteetan, besteak beste, GLI-F4 granadengatik”, azaldu dute. Gobernuak ZADaren kontra martxan jarri duen operazioak “egunero hildako bat” eragin dezakeela baieztatu dute, “eta dena etxeak eta bizitokiak suntsitzeko”.
Gaineratu dute, aurrekariak ezagututa, justiziaz ez direla asko fidatzen, gertakariak argitzeko jendarmeriaren ikerketari buruz mesfidantza adieraziz.