argia.eus
INPRIMATU
ZAD eremu okupatuko kideek Poliziaren desalojoari aurre egiten jarraitzen dute
  • Frantziako Poliziak Notre-Dame-des-Landes Bretainiako herriko baso okupatua husteko operazioarekin jarraitu du asteartean. Gas negar-eragileak eta gomazko pilotak erabili dituzte  horretarako, eta 30 pertsona artatu behar izan dituzte tokiko medikuek.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 11
Arg: Reporterre

Polizia Frantziako ZAD eremu okupatua hustera sartu da, baina zadistek aurre egin diote molotov koktelekin eta jaurtigailuekin. Hamabi polizia eta hogeita hamar zadista inguru zauritu dira, gehienak gas negar-eragileen suak, gas granaden metrailak eta gomazko pilotak eraginda, Reporterren irakurtzen denez.

Basoa gas negar-eragileen kez bete da, eta zadistek poliziek erauzitako etxeen materialak aprobetxatu dituzte barrikadak egiteko.

Acipa aireportuaren aurkako asoziazioaren izenean hitz egin du istiluak gertatu bitartean Julien Duranek, eta gauean bertan operazio militarra geratzeko galdegin du: “Gau honetan ez bada operazioa gelditzen, ez da izango elkarrizketarako inongo aukerarik”.