argia.eus
INPRIMATU
Zabortegiarentzako biltegia Verter enpresak egitea gaitzetsi du Zaldibar Argitu plataformak
  • Zaldibar Argitu plataformak adierazi du "ulertzeko zaila" egiten zaiola Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari ematea segurtasun biltegia eraikitzeko baimena, enpresa hau baita erori zen zabortegiaren jabea eta arduraduna eta agerian geratu baita arau hauste franko egin dituela. Plataformak salatu du "larrialdiko lege bat erabili dutela lurrak zabortegi bilakatzeko" eta "behin-behineko gobernu batek" hartu duela erabakia. Biltegi hau eraikitzeko argudio gisa oraindik zabortegian lurperatuta dauden bi langileak "erabiltzea maila moral oso baxukoa" dela adierazi du.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 02a
Argazkia: Dani Blanco. Argazkia: Dani Blanco.

Ekainaren 30ean jakin da Jaurlaritzak baimena eman diola Verter Recycling 2002 enpresari, Zaldibarren erori zen zabortegiaren azpialdean eraiki duten behin-behineko zabortegia handitzeko, horrela segurtasun biltegi bihurtu eta luizian eroritako zaborrak bertan biltzeko.

Zaldibar Argitu plataforma, ordea, kritiko agertu da erabaki honen aurrean, Berria-k jaso duenez: batetik adierazi du "ulertzeko zaila" egiten zaiola, enpresa bera delako zabortegiaren jabea eta beraz arduraduna, eta "egin dituen arau hauste guztien ondoren". Plataformak azaldu du "larrialdiko lege bat erabili dutela lurrak zabortegi bilakatzeko, ingurumen neurriak kontuan hartu barik", eta "behin-behineko gobernu batek" hartu duela erabakia. Gogor kritikatu du Jaurlaritzak erabakia justifikatzeko argudio gisa eman izana biltegia bertan egiteak erraztu egingo lituzkeela Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen gorpuak bilatzeko lanak: Bi pertsona horiek "horrela erabiltzea lotsagarria" eta "maila moral oso baxukoa" dela adierazi du plataformak.

Uztailaren 4an manifestazioa deitu du Zaldibar Argitu plataformak, Eibarren.