Apirilaren 6an argitaratu zuen EAEko aldizkari ofizialak Azkoitian zabortegi bat egiteko ingurumenaren gaineko aitorpena. Azkarate auzoan Azkarate Garbi plataforman bildutako herritarrak minduta azaldu dira informazio faltagatik: "Guztia ezkutuan eta isilpean egiteak zer pentsa ematen digu, izan ere, adierazi duten bezalako positiboa balitz, zergatik ez gaituzte aurrez informatu auzotar eta herritarrak?". Segidako iritzia plazaratu dute euren kezkak eta zalantzak adierazteko.
"Orain dela egun batzuk izan genuen auzoan hondakin ez arriskutsuen kudeaketarako instalazioa martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzak emandako baimenaren berri. Berria gainontzeko alderdi eta herritarrei bezalaxe prentsa bidez iritsi zitzaigun, aurretik inongo azalpenik jaso gabe. Egoera ikusirik, batetik konfinamendu egoera eta bestetik Zaldibarren gertatu berri dena, ez zaigu iruditu horrelako berri bat jasotzeko momentu eta ezta era egokia ere.
Auzotar eta herritar bezala, etxe alboan izango dugunaren berri izateko eskubidea dugula uste dugu eta horren berri prentsa bidez jasotzeak mindu egin gaitu. Orain dela ia urtebete hasitako tramitazioak direla kontuan izanda eta instalazioak martxan jartzeko lanak ere orain dela hilabete batzuetatik abian direla kontuan izanik, udalak beharrezko azalpenak eman eta zalantza eta kezkak argitzeko denbora nahikoa izan duela uste dugu.
Udalak behin eta berriz esan du eraikuntzako hondakin ez arriskutsuak jaso, eraldatu eta berrerabiltzeko zentro bat izango dela, baina aldizkari ofizialera jotzen badugu, bertan ikus daitezke behin eta berriz aipatzen diren hondakin arriskutsuak (kutsatutako lurrak, amiantoa duten hondakinak, metal astunak,...) eta baita hauen biltegiraketari buruzko datuak ere. Zer esanik ez aktibitatearen ondorioz sortuko den kutsadura: kutsadura akustikoa (zarata), airearen kutsadura (hautsa eta bertako makineriak eta kamioien joan etorriak sortutakoa), lurpeko uretan eragingo duen kutsadura, etab.
Gainera, badakigu askotan teoria eta praktika ez datozela bat. Ikusi besterik ez dago Zaldibarren gertatu dena. Era honetako aktibitateak enpresa pribatuen eskuetan uzteak ondorio larriak izan ditzake. Nola ziurtatuko da araudi guztiak bete eta beharrezko neurriak hartzen ari direla? Nor arduratuko da horretaz?
Guztia ezkutuan eta isilpean egiteak zer pentsa ematen digu, izan ere, azken orduetan egin dituzten deklarazioetan adierazi duten bezalako positiboa balitz, zergatik ez gaituzte aurrez informatu auzotar eta herritarrak? Ez gaude ados emandako azalpenekin, interesatzen zaien bertsioa kontatu eta beste hainbat xehetasun isilpean mantentzeak, kezkak eta zalantzak argitu eta herritarrak lasaitu beharrean, mesfidantza areagotu besterik ez baitu egiten. Hori dela eta, udalarekin bilera bat egitea nahiko genuke ahal bezain pronto beharrezko azalpenak eman eta zalantza guztiak argitu ahal izateko".