argia.eus
INPRIMATU
Zaborretik elikagaiak berreskuratzen dituen jatetxeak irekita jarraituko du
  • Elikagaiak zaborretik berreskuratuta lan egiten duen Europako lehenengo jatetxea eta bakarra da Freegan Pony. Bederatzi hilabeteren ostean, Parisko Udalarekin akordio batera iritsi dira bertako langileak eta lanean jarraitu ahalko dute.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 08a
Elikagaiak zaborretik berreskuratuta lan egiten duen Europako lehenengo jatetxea eta bakarra da Freegan Pony. (Argazkia: Freegan Pony)

Dohainik eskaintzen die Freegan Pony jatetxeak egunero menua Parisko pobreei. Udalarentzat, ordea, legez kanpoko eta arautu gabeko jatetxea izan da orain arte, 15 urtean hutsik egon den okupatutako eraikin batean zegoena.

Jatetxe begetarianoa da Freegan Pony. Goizez jasotzen dituzte elikagaiak bertako sukaldariek, zaborren artetik berreskuratuta, eta aurkitutakoaren araberako menua egiten dute egun horretarako. Orain arte, etxerik gabekoek bertan lo egiteko aukera zuten, baina Udalarekin hitzartutakoaren ondoren ez da posible izango hemendik aurrera.

Ekoitzitako elikagaien herena, zaborretara

Nekazaritza eta elikagaigintzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera munduan ekoizten diren elikagaien herena zaborretara doa. Freeganismo deritzon mugimendua gehiegizko kontsumismoaren salaketa eta hondakinak berreskuratzeko aldarrikapena egiteko hasi zen, eta orain mundu osoan ezaguna da. Jarrera politiko gisa deskribatzen dute jarraitzaileek.

Freegan Pony jatetxeak elikagaiak zaborretik jasotzen ditu, baina ez supermerkatuen zakarren artetik. Izan ere, otsailean Frantzian onartutako lege baten arabera, supermerkatuek debekatuta dute elikagaiak zaborretara botatzea. Ez ordea elikagaien banaketan aritzen diren merkataritza dendek, eta haiek botatzen dutenaren artetik jasotzen dituzte elikagaiak Freegan Ponykoek.