argia.eus
INPRIMATU
Zabor-zulo egunak: kiratsa dario euskal oasiari
  • Hamasei urte nituela, gure Mallabiako Hambre baserriaren alboan zegoen putetxean bi pertsona tirokatu zituzten. Putetxean, Julián Sancristobalek, Ermuko alkate ohia eta Segurtasun Indarren zuzendari orokor ohia, diru beltza mugitzen zuela aipatzen zuten bertako bezero batzuek. Urte batzuk geroago, EAJren abokatu famatu baten bitartez jakin nuen Ignacio Astarloak, Euskadiko Parlamentuko abokatu ohia eta Estatuko Segurtasunaren idazkari ohia, Mallabiarekin harremana zuela. Bere ama gure baserrian lo egindakoa da. Handik gutxira, Hambreko jatetxean eta tabernan ezaguna zen artista baten bitartez, Jorge Fernández ministro ohiaren emaztearen berri jaso nuen, mallabitarren alaba eta euskal pilotarekin harremana izan zuena.

     

Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2020ko apirilaren 03a

Horrelako istorio bitxiak gertatzen ziren Hambreko zuloan. Hiru hamarkadaren buruan, Mallabiatik gertu beste bi pertsona zendu dira, KondIa baserriarekin harremana duen beste zabor-zulo batean. Zaldibarko zabortegiaren jabeak Iñaki Arriola Eibarreko alkate ohiaren idazkaria izan zen Javier Sánchezekin harreman zuzena zuen, baita URA agentziako zuzendaria den Ernesto Martínez de Cabredorekin  ere, SPRIko zuzendariorde ohi batekin, Confebaskeko lehendakari ohi batekin, Zaldibarko Zapai putetxearen arduradunarekin eta Joxean Tolosa pilotari ohiarekin ere bai.

Bezerokerian oinarritutako harreman hauek dira euskal oasiaren isiltasunaren legea bultzatzen dutenak. Jakitun ziren agintari batzuk, auzokide asko, zabortegira hurbiltzen ziren garraiolariak, zabortegiko langile batzuk… zulo horretan ustel usaina zegoela. Ustelkeria azaleratzea bezerokeriaren eskutik etortzen baita.

Herri hau oso txikia da eta denok ezagutzen dugu elkar, ustez. Kasuko, zabortegian nire lagun batek lan egiten duela hondamendiaren ondoren jakin nuen. Akaso, bi langile zendu ez balira, autopista zanpatu ez balitz eta Ipuruan jokatu beharreko partidua burutu balitz, agian oraindik ez nukeen jakingo.

Zaldibarko zabortegiaren jabeak, El conde de Eibar ezizenarekin ezaguna, Eitzaga auzoa munduko mapan kokatu du. Bere sozio baten errotan aurkitu zuten, zabortegia kokatzen den auzoan, Zaldibarko armarria. Herri honetan Peñafloridako Kondeak urgaziak eta uratzak erabili zituen bainuetxe bat eraikitzeko. Gaur egun, bainuetxea Ospitale Psikiatrikoa da. Antza denez, euskal gizartearen zaborra eta gaixotasuna Zaldibarko zuloan ezkutatu nahi izan ditugu urteotan. Kiratsa dario euskal oasiari.