Igoera Europako Hondakinen Legeak eskatzen duela argudiatu du Udalak. Eguzki talde ekologistak adierazi du, ''sekulako iruzurra'' egiten ari direla legeari, herritarrei eta ingurumenari.
Zabor tasen igoera Europako Hondakin Legeak ezarritako neurria dela esan du Udal Gobernuak, baina EAEko beste hiriburuetan tasen igoera oso apala izango da Gasteizkoarekin alderatuta: Bilbon %10ekoa, eta Donostian %26,5ekoa. Arabako hiriburuak hartutako erabakia gogor kritikatu du Eguzkik.
Mugimenduak jakinarazi du, ''helburua ahaztuta'' tresnaz baliatu nahi duela udalak. Hondakin Lege berak agintzen du 2025ean gutxienez hiri hondakinen %55 gaika bildu behar dela, eta 2030ean %60koa izan beharko dela kopurua. Talde ekologistak mahaigaineratu du gaur gaurkoz Gasteizen %39koa baino baxuagoa dela portzentaia. Udalak helburuak betetzeko asmo errealik ez duela azaldu du Eguzkik. ''Ez dago plangintzarik helburuak arrazoizko epe batean betetzeko''. Uztailean Pascual Borja Garbiketa zinegotziak jakinarazitakoaren arabera, hondakin guztiak nahastuta biltzen dituen edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murriztuko dira 2026ko urria baino lehen. ''Ez dago neurri hori arrazoizko epe batean zuzentzeko inolako bide-orririk'', adierazi du Eguzkik.
''Ingurumenarekiko konpromiso eta garapen jasangarrien gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik oinarrizko neurriak hartzen ez diren bitartean'', kritikatu du talde ekologistak.