Mikel Zabalza 1985ean Intxaurrondoko Guardia Zibilaren koartelean torturen ondorioz hil zutela frogatzen duten audioak ikertzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuak. Zabalzaren senideak "hunkituta eta babestua" azaldu dira adierazpen hori dela eta: "Hainbeste urtetan aldarrikatutako egia aitortzea delako".
Non dago Mikel? dokumentalaren egileek aurkitu eta joan den astean Público hedabideak zabaldu zuen audioan, Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitaina entzun daiteke Luis Alberto Perote CESIDeko koronelari hitz egiten, "eskua joan zaie" eta halakoak esanez; Intxaurrondon tortura sistematikoa zela eta Mikel Zabalza torturaturik hil zela frogatzen duen dokumentua da.
Astelehen honetan Nafarroako Parlamentuko indar politiko guztiek bat egin dute audio hori ikertu dadila eskatzeko eta "bere heriotzaren inguruan egia jakiteko". Adierazpen horren harira, Zabalzaren senideak "hunkituta eta babestua" azaldu dira aitortza hori dela eta. Nabarmendu dute urte luzez defendatu izan dutela bertsio ofiziala ez zetorrela bat benetan gertatu zenarekin.
"Grabazioa entzunda eta horren bidez jasotako informazioa edukita, Nafarroako gizarteak eta haien ordezkariek egiaztatu ahal izan dute jada Mikelek jasandako torturaren praktikari buruz, grabaketako elkarrizketan hain naturaltasun handiz deskribatzen dena, sumatzen zutena", azaldu dute.
Hala, senideen ustez orain gertaerak argitzeko "beharrezko neurriak" hartzea falta da, eta horretarako isilpeko dokumentuak desklasifikatu eta fiskaltzaren lanari jarraipena egin behar beharko litzaioke.