argia.eus
INPRIMATU
Zaballan hil zen Maleken familia ez dator bat bertsio ofizialarekin eta auziaren prozeduran aurkeztuko da
  • Otsailaren 28an hil zen 22 urteko presoa Arabako Zaballa espetxean. Jaurlaritzak adierazi zuen presoak bere buruaz beste egin zuela eta ez zegoela suizidioen aurkako programan sartuta horretarako zantzurik ez zegoelako. Familiak dio Malek “oso egoera latzean” zegoela eta hil aurretik espetxean bertan suizidatzeko beste saiakera bat egin zuela. Salhaketa Arabak kontzentrazio batekin salatu ditu iragan asteko bi presoren heriotzak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko martxoaren 07a
Argazkia: Arabako Alea

Ofizioz auzibidea irekitzen da espetxean heriotza bat gertatzen denean, gertatua ikertzeko, eta Maleken heriotzaren ikerketa Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku dago. Familiak auziaren prozeduran aurkeztea erabaki du ikerketa itxi ez dadin, espetxeak eta Jaurlaritzak heriotzaz eman duten informazioarekin ez datozelako bat. Bertsio ofizialaren arabera Malekek bere buruaz beste egin zuen, eta ez zegoen suizidioen aurkako protokoloan espetxeko zaintzako langileek ez zutelako horretarako arriskurik antzeman.

Suizidio saiakera aurretik

“Bagenekien oso egoera latzean zegoela, bisita batean esan zigun [suizidatzeko] saiakera bat egin zuela”, adierazi dio senide batek Euskadi Irratiari. Azkenaldian Malekek droga kontsumoa nabarmen igo zuela ere ziurtatu du. Senideak zalantzan jarri du zaintzako langileek Maleken arrisku egoeraz ez ohartu izana, eta protokoloa zergatik ez zitzaion ezarri jakin nahi du. “Nahi dugu jakin zein egoeran zegoen Malek hil baino bi aste lehenago, eta zein egoeran hil zen egunean”.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak, “harrituta” agertu da eta adierazi du “ez duela ulertzen” familiak auzibidean aurkezteko hartutako erabakia, Euskadi Irratiak jaso duenez. Suizidioen aurkako protokoloa berrikusteko prest azaldu da, eta ziurtatu du Jaurlaritza prest dagoela familiari behar duen laguntza emateko, “orain arte bezala”.

Erakundeen laguntza eza

Hain zuzen ere, familiak erakundeen laguntza eza eta “indarkeria instituzionala” kritikatu ditu. Azaldu du, besteak beste, arazo handiak izan dituztela Maleken pasaportea eta heriotza agiria eskuratzeko, zeinak gabe ezinezkoa den gorpua Aljeriara bidaltzea. Herriratzeak dakartzan gastuei aurre egiteko nahikoa diru ere ez dietela eman kritikatu dute. Aldiz, eskerrak eman dizkiote komunitate musulmanari, egin duen diru bilketari esker gorpua herriratu ahal izango dutelako.

Salhaketaren mobilizazioa

Salhaketa Arabak elkarretaratzea egin du eguerdian Gasteizko Andre Mariaren plazan, iragan astean Zaballan eta Martutenen izandako bi presoren heriotzak salatzeko. Euskal Herrian preso dauden pertsonen egoera salatu du elkarteak, preso batzuk eramaten dituena “ beren buruaz beste egitea irtenbide bakartzat” jotzera. Azken bi heriotzen kasuan suizidioen aurkako protokoloa “ez da aintzat hartu” Salhaketaren ustez. “Akats hori larritasun handikoa eta atzera bueltarik gabekoa izan da. Kartzelako arazoaren izebergaren punta baino ez da".