argia.eus
INPRIMATU
Zaballako Olentzerok (beste) hildako bat opari
  • Eguberri egunean, goizeko lehen orduan, aurkitu zuten F.A. presoaren gorpu hila bere ziegan. 2020an Zaballako espetxean hil den seigarren pertsona. Abenduaren 24ko gauean, Gabon gaueko beren menu berezi dohatsua gozatu ostean ziegara bueltatu eta oheratzerakoan, presoren batek aurreikusiko ote zuen Olentzerok prestatua zien opari ankerra?

Z. Oleaga @zoleaga1 2021eko urtarrilaren 05
Benito Agirre, Zaballa espetxeko zuzendaria, espetxearen irudia atzean duela. Argazkia. eitb.eus.

Olentzero gurasoak dira. Baina espetxe sistemak gatibu dituen pertsonen eta kanpoaren arteko zubi guztiak apurtzen ditu, baita familiarrak ere. Nor da orduan presoaren Olentzeroa? Kondenatua murruen artean desagerrarazi eta eskubide zein erabakimenik gabeko adingabe bezala tratatzen duena, bere buruari tutore ahalguztidunaren papera emanez.

Espainiako Estatuko presoen Olentzero kolektiboa Gobernua eta Espetxe Zuzendaritza dira. Zaballako presoen Olentzero partikularra espetxeko zuzendari Benito Agirre da, aurten bertan EITBren 360º programan esan zuena –ordurako jada hildako ugari pilatuta zituela bere ardurapeko birgizarteratze zentroan–: “Guk gure bezeroei arreta ematen diegu, gure bezeroak baitira barnekoak, urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan, eta, gainera, haien bizilekuan". Olentzero da Zaballako lehen arretako nagusi Asier López de Arkaute ere, programa berean adierazi zuena presoen artean “desgaituak”, preso larriak edo agureak daudela eta hortaz “logikoa” dela “haietako batzuk hiltzea”; baina pertsona horiek espetxean egoteagatik asaldurarik erakusten ez zuena. Mari Domingi da espetxeko zuzendariorde eta psikologa Mercedes Iruarrizaga, zioena espetxeratzeak delitugileei laguntzen diela “pausa bat egin eta pentsatzen”, espetxean ez dagoela egon behar ez duen inor, edo isolamenduaren –eta zigor neurrien– onurak goraipatu zituena. “Nola tratatzen dituzue presoak?”, galdetu zion aurkezleak: “Ba, kariño askorekin”.

Hildako berri bat, espetxeak berak ematen dituen farmakoen nahasketagatik antza –beti antza-ka ibili behar, informazio ofizial eta gardentasun faltan–. Bere egintzen ondorioz, esango ligukete ziurrenik goian aipatutakoek. Baina nik Ekaitz Samaniegok kontatu zidana dut gogoan, nola Murtziako espetxean ostiraletan hiru egunetarako drogak banatzen zizkieten presoei, asteburutako lana arintzeko. Droga menpekotasun larriak dituzten presoei hiru egunetarako dosia aldi bakarrean, beren kabuz dosifikatu dezaten. Ostiraletako zonbien eszenak danteskoak izaten zirela dio Ekaitzek, funtzionarioek ere ikusten zituztenak, sorgor.

Eta gogoan dut argitaratu berri dugun Alicia Sáez de la Cuestaren Pandemiegutegia, maiatzaren 13ko egunean Castellóko espetxean jasotzen duena: “Gaur gauean Carolina hil da. Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiaren txostenetan heriotza bat gehiago izango da, beste zifra bat. Baina guretzat, zortzigarren moduluko neskentzat, ez da zenbaki bat”.

Gogoan dut ere oraindik argitaratu ez dugun Zaballako preso baten gutuna, aurten hildako beste preso baten ziegakidea: “Presoen artean, horrelako gauza bat gertatzen den bakoitzean oso giro arraroa sortzen da. Heriotza sentitu egiten da, eta ikusi (modulu guztiaren aurrean eraman zuten, hileta zerbitzuek ez zuten gurekiko inongo begirunerik erakutsi). Isiltasun minutua jantokian bazkalorduan eta... bizitzak aurrera jarraitzen du”. Eszena berbera irudikatzen dut Eguberri egunean, telebistaren zoriontasun eta kidetasun mezuen artean, familia eta lagunak gogoan izateko egunak direla errepikatuz... Zaballako preso horri galdetzen genion heriotzen aurrean zuzendaritzak duen jokabideaz: “Zuzendaritza: zer da hori? Ez du sentitzen, ez du pairatzen... Ez du aurpegia ematen! Zuzendari jauna koldar bat da, harri baten antza du, bertan dago, gogor plantak egiten ditu, baina min egiteko soilik balio du”.

Eta buelta Alicia eta Carolinarengana: “Asko hitz egiten da COVID-19a duten gaixoak hiltzean duten bakardadeaz, eta senideek ezin lagundu dituztela. Bada, hemen hiltzen bazara, bakardadean izaten da beti. Kartzela horren krudela da, eta egun hauetan erakusten dizu modurik gordinenean”.

Zaharrak berri, urte berri on.