argia.eus
INPRIMATU
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok
  • Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso politiko eta sozialen eskubideak urratzen dituzten neurriak hartu dituzte", salatu dute. Presoek istiluak sortzea eta horiek beren mesederako erabili nahi dituztela salatu dute. "Ez dugu kartzelari makurren doinura dantzatuko, geuk erabakiko dugu noiz eta nola ekin ezpata dantzari", adierazi dute zenbait presok.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 23a

Espetxezain faltaren ondorioz, komunikazio-moduloak itxi dituztela jakinarazi dute presoek. Diotenez, haien abokatuek ez dute sartzerik, bikotekide edota senideekin aurrez-aurrekoak kendu dituzte, eta aisialdira bideratutako liburutegi, kiroldegi, eskola eta kultur aretoak itxi egin dituzte.

"Helburua argia da –irakur daiteke oharrean– kartzelariek, benetako greba bati ekin beharrean, presoei gutxieneko baldintzak kendu dizkiete, hauek aurrera eraman ditzaketen borroken zein istiluek ekarriko duten oihartzun mediatiko eta politikoaz baliatzeko. Erantzukizunaren pisua kartzelarien gain jarri ordez, presoen gain jartzea dute helburu". Halaber, espetxeko zuzendaritzak espetxezainekin bat egin duela salatu dute. "Ezkutuko greba hau zuritzeaz eta babesteaz gain, presoei gutxieneko baldintzak kentzen zaizkien bitartean, lan egiteko materialak sartzen utzi eta lanean mantentzen dituzte presoak, produkzioari eutsita. Horrek argi uzten du zein den espetxe zuzendaritzaren funtzioa, presoei baldintzak bermatu beharrean, hauen esplotazioaz aberasten direnen irabaziak mantentzea".

Gutuna helarazi dute hori salatuz ondorengo preso politikoek: Jon Kepa Preciado Izarrak, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxeak, Garikoitz Etxeberria Goikoetxeak, Beatriz Etxeberria Caballerok, Lola Lopez Resinak, Julen Atxurra Egurolak, eta Orkatz, Irantzu eta Lexuri Gallastegi Sodupek. "Ogibiderik doilorrenean dihardutenek euren doilorkeriari ohore eginez, benetako greba antolatzeko adorerik izan ez, eta ezkutuko bati ekin diote", salatu dute. "Alta, presoen eskubide eta bizi baldintzak areago urratuta, gu sutu eta oldar gaitezen nahi dute, euren etekin sindikalerako. Gure bahitzaileei, gau eta egun gure aurka faxismoz, ustelkeriaz, utzikeriaz nahiz alferkeriaz dihardutenei 'lagunduko' diegulakoan badaude, jai daukate. Ez dugu kartzelari makurren doinura dantzatuko. Geuk erabakiko dugu noiz eta nola ekin ezpata dantzari".

Aske antolakundeak, bestalde, "amnistiaren aldeko borrokaren bidean", euskal preso politikoek pairatzen duten eskubide urraketa oro salatu eta horien aurka borrokatzera deitu du. Bide horretan, abenduaren 28an Basauriko espetxera antolatutako martxan parte hartzera dei egiten dute.

"Langileak pixkana lanpostuetara itzultzen ari dira"

Benito Aguirre Arabako Espetxeko zuzendariak ostiralean jakinarazi zuen bertan behera geratutako zerbitzuak pixkanaka ari direla berreskuratzen. "Horrela egon dira abenduan denbora bateko ezintasunen ondorioz, eta berrantolaketa baten ostean eta lan-poltsetatik hamar pertsona berriro inkorporatu ostean hasi da berreskurapena".

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Aguirrek adierazi du espero dela ostiral honetan bertan presoak euren senideekin komunikatzea, eta, horrez gain, espero da astelehenean 22 pertsona gehiago inkorporatzeak hainbat arlotan normalitatea eragitea: aisialdian, hezkuntzan, formazioan, presoek errekurtso ekonomikoak izatea ahalbideratzen duen lana…

Zentroko zuzendariak beren-beregi eskertu du euren lanpostuetan jarraitzen duten langileen profesionaltasuna, eta ez du baloraziorik egin Sailaren eta sindikatuen arteko negoziazioei buruz; izan ere, gogorarazi duenez, bere ardura erasandako eskubideak bermatzea da.