argia.eus
INPRIMATU
Zaballako espetxean hildako presoa zigortuta zegoen, ustez telefono mugikor bat izateagatik moduloz aldatzera behartua
  • Hala Bedik jakin duenez, 22 urteko gaztea zigortu egin zuten hil aurretik: moduluz aldatzera behartu zuten ustez telefono mugikor bat izateagatik. 13. moduluan zegoen, Zaballan bizi-baldintza kaskarrenak dituenetako batean.

Hala Bedi @halabedi 2023ko martxoaren 02a

Hilda aurkitu zuten Zaballako espetxeko funtzionarioek 22 urteko gazte bat asteartean, urtarrilaren 28an, 08:00etan, ziegak ireki zituztenean. Guardiako medikuei abisua eman arren, ezin izan zuten ezer egin. Ez omen zuen «biolentzia zantzurik».

Gaur bertan, bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, beste preso bat hilda aurkitu dute Martuteneko espetxean. Erizaindegian zegoen presoa, hango ziega batean baitzegoen gorputzean zuen mina artatzen ari zitzaizkiolako. Espetxeko zaintzaileak ziegak irekitzera joan direnean aurkitu dute hilik. 57 urte zituen, eta behin behinean zegoen preso.

22 urteko gazte bat hila Zaballako espetxean

Gizonezkoa 2020ko irailetik zegoen preso. Ez zegoen suizidioaren prebentziorako programan, Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, ez zutelako horretarako «zantzurik» ikusi.

Bozeramaileak esan du «harriduraz» hartu duela berria, eta espetxeak informazioa eta «laguntza» emango diola familiari.

Segurtasun Sailak ikerketa bat abiatuko du gertatua ikertzeko. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Poliltiketako Sailak jakinarazi du informazioa «gardentasun proba gisa» eman dutela, baina ez dutela xehetasun gehiago emango.

Duela egun batzuk, Salhaketak salatu zuen 2020an gertatu zen preso baten heriotzaren inguruan ere «xehetasunak» falta direla. Zaballan zegoen 67 urteko G.B. presoa Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten 2020ko apirilean, ebakuntza kirurgiko bat egiteko. Hil egin zen handik bi egunera. Salhaketak uste du ez dela «behar bezala kontrolatu Ertzaintzaren jarduera».

BERRIAn jaso dutenez, 2020. urtean sei preso hil ziren Zaballan -Espainiako Estatuan 130 izan ziren-:

Apirilaren 7an. Zaballako preso bat zendu zen ospitalean, Gasteizen. Salhaketaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak eta psikikoak, eta, horren ondorioz, laster espetxetik ateratzekotan zen, beste instituzio batera eraman zezaten. Elkartearen arabera, apirilaren 8an ebakuntza bat egin behar zioten, eta Santiago ospitalera eraman zuten. Han, istiluren bat izan zuen erizainekin, eta ertzainek esku hartu zuten «indarra erabiliz», Salhaketak adierazi zuenez. Presoak bihotzekoa izan zuen.

Uztailaren 17an. 23 urteko preso bat hil zen kartzelan.

Irailaren 12an. Iruñeko 32 urteko preso batek bere burua urkatu zuen. Salhaketa elkartearen arabera, bitan eskatu zuen psikologoarengana eraman zezaten, alferrik. Abuztuaren 4an lekualdatu zuten Iruñeko espetxetik Zaballara; Iruñeko kartzelan erizaindegian zegoela jakinarazi zuen elkarteak.

Urriaren 1a. 35 urteko preso gasteiztar bat hilik agertu zela adierazi zuten.

Urriko azken astean. Buruko gaixotasun bat zuen emakume bat hilik agertu zen bere ziegan. Salhaketak esan zuenez, libre behar zuen, patologia larriak diagnostikatuta zituelako, baina ez zioten lekurik eman gaixoentzako inongo gunetan. Hori ezinbestekoa da baldintzapean aske geratzeko, eta, hortaz, preso zegoen.

Abenduaren 25ean. 50 bat urteko gizonezko baten gorpua agertu zen espetxeko bosgarren moduluan.