argia.eus
INPRIMATU
Zabalgarbik ez du jarraitzen eskorien kutsadura kontrolatzeko europar araudia
  • Errauskailuak ez ditu egin dioxina eta furanoen kontzentrazioa neurtzeko azterketak. Laginak ere modu irregularrean hartu ditu, txosten baten arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko ekainaren 07a
Bizkaiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak Zabalgarbiren hamargarren urteurrenean (argazkia: Irekia)

Bizkaiko hondakin gehienak kiskaltzen dituen Zabalgarbik beste behin agerian utzi du errausketak sortutako kutsadurarekin dagoen segurtasun arazoa. Errauskailuan ez dira Europak aginduta bezala egiten ari labeen zepa edo eskorietako kutsadura neurtzeko kontrolak.

Europar Batasunak 2014an hondakin arriskutsuak sailkatzeko araudia zorroztu zuen; besteak beste, orain derrigorrezkoa da dioxina eta furanoen kontzentrazioa neurtzea, arriskutsua ote den jakiteko. Zabalgarbik baina, ez du prozedura hori jarraitzen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordetzak informazio eskari bati berrikitan emandako erantzunean onartu duenez.

“Zabalgarbi S.A.-ri emandako ingurumen baimen bateratuak ez du agintzen arriskuaren sailkapenerako froga egin beharrik [Europako] araudiaren irizpideen arabera”, dio sailburuordetzak. Errauskailuak, beraz, Europar Batasunak ezarritako irizpideei kasurik egin gabe aztertzen ditu eskoriak, zazpi urte lehenagoko ingurumen baimenean ez duelako hori jartzen, bere arduradunen esanetan.

Laginak mezulari bidez

Irregulartasunak ez dira interpretazioaren arlora mugatzen. Itxura guztien arabera, Zabalgarbik 2014an egindako zepen gaineko kontrolean laginak bere kabuz hartu zituen, lan hori enpresa independente bati eman beharrean. Hori iradoki liteke Uriker S.L. laborategiaren txosten batetik (pdf).

Errauskailuak mezulari bidez bidali zizkion laginak Urikerri, “hondakinak” kontzeptupean –labeetako eskoriak ote ziren zehaztu gabe–. Honek, saguekin eta untxiekin analisia egin eta ondorioztatu zuen ez zela “toxikoa ezta kaltegarria ere”.

Europar Batasunak dio halako laginak “pertsona edo erakunde independenteek” hartu behar dituztela, bistan denez, amarrurik ez egoteko eta laginak fidagarriak izateko. Zabalgarbik lehenago ere halaxe egin izan du, esaterako 2005ean Gaiker teknologia enpresako teknikariak joan ziren errauskailura bertara.

Urikerren txostenetik ondorioztatu daitekeenez, ordea, 2014an Zabalgarbik berak hartu omen zizkion bere buruari laginak, ez baitu beste ezer zehazten.

Gaur egun, Bizkaiko errauskailuak 40.000 tona eskoria edo zepa sortzen ditu baina horiek “ez-arriskutsu” gisa tratatu eta Zallako zabortegira botatzen dituela salatu dute ekologistek eta bertako udalak.

Administrazioaren ardura

Errauskailuek eragiten duten kutsaduraren eta honen gaineko segurtasunaren inguruko zalantzak gero eta ageriagoak dira, Gipuzkoan Zubietako proiektuaren kontrako mobilizazio eta mugimenduek erakutsi duten moduan.

Zabalgarbiko eskorien gaineko kontrol ezak kezka hori handitu baino ez duela egingo dirudi, are gehiago administrazioak –kasu honetan Ingurumen sailak– ontzat ematen dituenean errauskailuaren argudioak eta arauz kanpokoa izan daitekeen jarduna.

Ustezko arau urraketa hauen inguruan azalpenak eman zituen duela hilabete Eusko Legebiltzarrean Iosu Madariaga ingurumen sailburuordeak: “Nik esan dezakedan gauza bakarra da Zabalgarbik daukan ingurumen kontrola ezaugarria dela”, esan zuen ordukoan.