argia.eus
INPRIMATU
Zabalgarbik ez du elektrizitaterik sortu martxotik gutxienez uztailera arte
  • Erraustegiak ez ditu hondakinak balorizatu martxoaren 26tik gutxienez uztailaren 11 arte, erregistroak eskura dauden azken eguna, Elektrizitatearen Merkatu Iberiarreko datuen arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko urriaren 12a
Zabalgarbin gutxienez 50.000 tona hondakin ez dira balorizatu hilabeteotan (arg.: EiTB)

Covid-19ak osasunaren arloan ospitaleetatik haragoko ondorio gehiago utzi du hilabeteotan, hondakinak erretzetik eratorritakoak ere bai. Espainiako Gobernuak martxoan alarma egoera ezarri zuenean zentral askotan energia murrizketa nabarmena sumatu zen eskari beherakadaren ondorioz. Horrekin batera, Zabalgarbiko erraustegian hondakinak ez dira balorizatu hilabete luzetan, eta bere ustezko efizientzia berriz ere zalantzan jarri du datu honek.

Gorka Bueno EHUko irakasle eta gai horretan adituak eman digu horren berri bere Twitter kontuan. Ikasle batekin sorturiko aplikazioaren bidez, Elektrizitatearen Merkatu Iberiarreko erregistroak monitorizatzen dituzte, tartean Bizkaiko erraustegiarenak: “Energia sortu zen azken erregistroa martxoaren 26a izan zen –dio Buenok–. Ez dago besterik gutxienez uztailaren 11ra arte, hori baita daukagun azken erregistro eguna”.

Datu horien arabera, hilabete horietan orduko 30 tona erraustu ziren Zabalgarbin, denera 50.000 tona hondakin balorizatu gabe, EHUko irakasleak nabarmendu duenez: “Covid-19ak oso modu larrian kaltetu du Bizkaian sortzen diren hondakinen balorizazioa”.

Bere ustetan, urtero programatu ohi den geldialdia aprobetxatu du erraustegiak tarte horretan. Baina beste datu harrigarri bat ere badakar monitorizatzeak: urtarrilean eta otsailean beste bi geldialdi egin zituen Zabalgarbik, programatu gabeak hauek. “Zergatik gelditu zuen? Zenbat dioxina eta furano isuri zituen labeak gelditu eta martxan jartzen?”, galdetu du Buenok.